Udal gobernuaren erabakia publikoki gaitzetsi du EH Bilduk. Kolektiboaren aurkako "eraso zentzugabetzat" jo du ortzadar koloredun zebrabideak zuritu izana.
Berriki zuritu dituzte Pasaiako Udalak kontrataturiko langileek Euskadi Etorbidea (Trintxerpe), Markina Ingeniaria (San Pedro) eta Eskalantegi (Antxo) kaleetako ostadar koloredun zebrabideak. Ekintza “onartezintzat” jo du oposizioko EH Bilduk.
Ezkerreko koalizioak publikoki salatu nahi izan du PSE-EEk eta EAJk hala erabakita LGTBIQ+ zebrabideak ezabatu izana. “Elkarteek udalaren baimenarekin margotu zituzten zebrabideak, eta orain udalak eurekin hitz egin gabe ezabatu ditu”, gaitzetsi dute.
Udal gobernua osatzen duten bi alderdiek neurri “autoritario eta arbitrarioak” inposatu dituztela uste dute bilkideek, legea betetzeko premisan funtsatuz. “Zergatik Oreretan legala dena, Pasaian ilegala da?”, duda egin dute. LGTBIQ+ mugimenduaren aurkako “eraso zentzugabetzat” jo dute ostadarrak ezabatu izana, eta kolorea lehenbailehen itzultzeko eskatu.
Seinaleekin konpontzekoa
Zirkulazioko Erregelamendu Orokorrak bide-marrek nola behar duten arautzen du. Dena den, soluzio garbia ikusi dio EH Bilduk horri: Erregelamendu horrek berak aipatzen du seinale bertikalak nagusitzen direla horizontalaren gainetik; hori dela eta, oinezkoen pasabidea seinaleztatzen duten seinale bertikal bat edo bi jarrita arazoa konponduko litzatekeela uste dute.
Trintxerpeko kasua are eta zentzugabekoagotzat jo dute, Correos eta Azokaren arteko eremua bizitegi-gunea baita (oinezkoek erabateko lehentasuna dute). Hori horrela, zebrabidearen kolorea guztiz bigarren mailakoa dela uste dute EH Bilduko zinegotziek: “Ez litzateke oinezkoentzako pasabiderik ere egon behar, oinezkoek erabateko lehentasuna baitute kaleko edozein tokitatik zeharkatzeko”.
Galdera gehiago jarri dituzte mahai gainean: “Nola liteke LGTBIQ+ zebrabideak hain azkar ezabatu izana, enpresa pribatu bat ere kontratatuz hori egiteko, eta gero dozenaka zebrabide egoera txarrean izatea udalerri osoan, gobernua batere kezkatzen ez dutenak? Gutxienez, kuriosoa”.