argia.eus
INPRIMATU
LGTBI+fobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean, ‘normaltasun berriaren’ aurka borrokatzera deia
  • Konfinamendu garaian ere eraso LGTBI+fobikoak ematen ari direla salatu du Bizkaiko Ekainak 28 Koordinadorak. Osasun krisiaren testuinguruan urteetako lorpenak ez galtzera eta askatasun berriak irabaztera deitu du.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 17a
Argazkia: Ecuador Etxea.

Aurrekoak bezala aurtengo M17ak ere “zentzua beteta” dagoela aldarrikatu du Bizkaiko Ekainak 28 Koordinadorak. Aurten 30 urte betetzen dira erakunde medikuek homosexualitatea trastorno bezala katalogatzeari utzi ziotela. Koordinadorak ospatzeko urtemuga dela dio, baina salatu du beste kolektibo batzuk patologizatuta jarraitzen duela, “trans identitateak edo intersexualitatea” kasu.

Konfinamendu garaian identitate ez normatiboko pertsonek erasoak jasaten ari direla salatu du Koordinadorak: “Gutxiesten gaituen familia heteropatriarkalen kartzelaren menpe gaude, gure etxeetaraino eta sare sozial birtualen bitartez jazartzen gaituzten erasotzaile nazkagarriak jasan behar ditugu edota, nekaezina den ergelkerian, beraien ustez gizateriak jaso duen zigorraren errudun bezala seinalatzen gaituen eta eliza ezberdinetan antolatua dagoen mundu barregarri baten komentarioak entzun behar ditugu”.

COVID-19ak ezberdintasunak agerian uzten dituela uste du LGTBI+fobiaren aurkako koordinadorak. Beste gaixotasun batzuen, kolonialismoaren edo kutsaduraren ondorioz hildakoengatik ez dela “mundua geratzen” gogoratu du, eta birusak klasearen, arrazializazioaren edo generoaren arabera ezberdin kolpatzen duela.

“Ez diezagutela anonimatua kendu”

Osasun krisia baliatuz kontrol soziala eta militarizazioa sakontzen ari da, Koordinadoraren ustetan. “Pribatutasunarekin” amaitzeko saiakeraren aurrean, anonimotasuna borrokatzeko deia egin du: “Gorde behar izan garenek badakigu klandestinitatearen posibilitateari ezin zaiola uko egin, Gure osasuna aitzaki izanda, panoptiko teknologiko baten aurrean makurtzea gure hilobia izan daiteke”.

Etxean geratzea eta arduraz jokatzea defendatu du Koordinadorak, baina azpimarratuz horrek ezin duela ekarri irabazitako galtzea eta kontrol modu berrietan sakontzea. “Batzuk ‘normalitatera’ bueltatu nahi dute, beste batzuk, inoiz sartu izan ez garen normalitate horretara ez bueltatzea desiratzen dugu”.