argia.eus
INPRIMATU
LGTBIfobiaren aurkako ekimen batean Iruñean Poliziak izandako jarrera salatu dute
  • Iruñeko Etxabakoitz auzoan larunbatean LGTBIfobiaren aurkako ekimen baten kontra egin zuen Poliziak. Bildutako 150 bat pertsonak identifikatu zituzten, hori makrofesta zela eta ez zirela segurtasun-neurriak bermatzen argudiatuta.  LGTBIQ+ kolektiboak hori gezurtatu du eta Poliziaren jarduna kritikatu du.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko maiatzaren 21
Argazkia: Iruñeko Udaltzaingoa

Ekitaldia antolatu zuen taldeak adierazi du LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren ospakizunen barruan, kultura jarduera bat izan (“Kiki Ball” deitzen zaio, dantza, moda, musika eta performancea nahasten dituen ikuskizuna). "Historikoki estigmatizatuta eta baztertuta dagoen kolektibo bat ikusarazteko, normalizatzeko eta ahalduntzeko modu bat da".

Ahotsa.infok jaso duenez, antolatzaileek aldez aurretik eman zioten Iruñeko Udalari ekitaldiaren  berri, eta beharrezko ziren prebentzio eta osasun neurri oro bermatu zituzten. Udal administrazioaren erantzun ezaren aurrean erakundea Babes Zibilarekin jarri zen harremanetan, eta hark antolaketari jakinarazi zion posible zela.

"Asteak eman ditugu espazioa, pertsonak eta lehiaketa bera prestatu eta koordinatzeko. Madrildik, Berlindik, Londrestik eta Bartzelonatik etorri dira ikuskizuneta joateko. Profesionaltasun, ezagutza, energia eta arte handiko ikuskizun batera joan ginen. Larunbatean gertatu zena ez zen makrofesta izan, iritzi publikoan aurkeztu nahi izan den bezala. Aitzitik, diziplina anitzeko artearen adibide bat izan zen, maila handikoa eta oso interesgarria, parte hartu zuten pertsona batzuentzat bizimodua dena. “Makrofiesta” esatea duintasuna lapurtzea da", salatu dute.