argia.eus
INPRIMATU
LGTBIfobiaren aurka egingo dute ostiral arratsaldez manifestazio ugaritan
  • LGTBIfobiaren aurkako eguna da maiatzaren 17an eta arratsaldez mobilizazio ugari izango dira Euskal Herrian barrena. Albistearen bukaeran ematen dizuegu horietako batzuen berri.

ARGIA @argia 2024ko maiatzaren 17a

Egun honen jatorria 1990eko maiatzaren 17an dago. Egun horretan Osasunerako Mundu Erakundeak gaixotasunen zerrendatik kendu zuen homosexualitatea. Eta duela hamarkada bat baino gehiago jada egun honetan salatzen da lesbianek, homosexualek, transexualek, intersexualek eta bisexualek egunerokoan pairatzen dituzten erasoak.

LGTBI komunitatean aitortzen dute azken urte luzeetan egin dituzten aurrerapenak eta gaur egun haien komunitatea iraganean baino hobeto bizi dela. Hala ere, ohartarazten dute haien aurkako delitu gorrotoak goraka doazela, lehenik jarrera edo ahotsezkoak, edo ondoren eraso fisikoetaraino.

Nafarroan, esaterako, 2022ko abuztutik 2023ko uztaileraino horietako 34 erasoren salaketa izan zen. Datuen arabera, ematen diren lau gorroto delituzko erasoetatik bat LGTBIren komunitatearen aurkakoa da. Edozein kasutan, ikerketen esanetan, eraso horietako 10etik 2 besterik ez dira salatzen, gainerakoak isilpean edo eremu pribatuan geratzen dira.

Iruñeko Udaleko LGTBIfobiaren aurkako Behatokia da bilketa horiez arduratzen den erakundeetako bat, eta azpimarratu dute gero eta garrantzitsuagoak direla erasoa jasan duten gertukoen edota herritarren salaketak, aurkeztutakoen erdia. Nafarroa mailako behatokirik ez dago, baina Kattalingune zerbitzuak bulegoak ditu Tafallan, Tuteran, Lizarran, Irurtzunen eta Iruñean.

Azpimarratzekoa da, halaber, eraso horietatik gero eta ugariagoak direla trans kolektiboak jasaten dituenak. Donostian, esaterako, 2022an hemezortzi eraso salatu ziren eta horietatik laurdena trans pertsonak jasan zituzten.

LGTBI kolektiboek garrantzi handia jartzen ari dira egunerokoan ematen diren ahozko eraso horietan, lagun artean, hedabideetan eta instituzioetan ere ikus daitezkeenak, horiek legitimatzen dituztelako ondoren kalean ematen diren erasoak. Horregatik, dei egiten diete herritarrei aurre egiteko jarrera horiei, bereziki gertu gertatzen direnei.

Egoera ikusarazi eta erasoak salatzeko mobilizazioak egingo dira Euskal Herriko hainbat lekutan. Hemen, esate batera, EHGAMek iragartzen dituenak:

Bilbo: 18:30ean Arriagan, E28 Koordinadorak deituta.

Durango: 19:00etan Andramarin, Kuir Eztandak deituta.

Gasteiz: 18:15ean Andra Mari Zurian, Miaukatuzek deituta.

Hernani: 19:30etan Plaza Berrian, Buruntzaldeko Transmaribibolloek deituta.

Leioa: 19:00etan Pirulian, Ukatu-k deituta.

Iruñea: 19:00etan Baratxurien plazan, E28 Plataformak deituta.

Oiartzun: 19:00etan Herriko plazan, Oarsoaldeko LGTBI+ Kuirdinadorak deituta.

Orio: 19:00etan Herrko plazan, Urola Kostako Transmaribolloek deituta.