LGTBI+ Askapenaren Nazioarteko Egunean “sexu eta genero disidentzia antolatzera” dei egin dute Arabako E28 Koordinadorako kideek. Gasteizko Bilbo plazatik abiatuko da manifestazioa, 12:00etan. “Sexu eta genero disidentzia antolatu, guztia iraultzeko” izango dute lema.
Ekainaren 28an 51 urte beteko dira Stonewalleko istiluak jazo zirenetik; 1969. urtean, hain zuzen ere. Horrez gain, ekainaren 10ean 41 urte bete ziren Espainiako Polizia batek Oreretan Francis trabestia tiroz hil zuenetik. Hilketa hark LGTBI+ mugimendua aktibatu zuen Euskal Herrian barrena. Urtero bezala, ekainaren amaierarako hainbat ekimen antolatu ditu Arabako LGTBI+ mugimenduak, Aleak jakinarazi duenez.
Aurten, “sexu eta genero disidentzia antolatzeko beharra” azpimarratuko da Sexu Askapenerako Nazioarteko Egunean. Hala dio igandean, ekainak 28, 12:00etan Gasteizko Bilbo plazatik abiatuko den manifestazioaren leloak: “Sexu eta genero disidentzia antolatu, guztia iraultzeko”. Aurtengo ezohiko baldintzak direla eta, maskara eramatea eta segurtasun distantzia mantentzea eskatu du Arabako E28 koordinadorak. Manifestazioaren ostean "marianitada" bat egingo dute Gaztetxean. Manifestazioaren aurretik, 11:30ean, “Bloke Bolleroa” aterako da Bollerias plaza izenarekin berrizendatutako Burulleria plazatik.
Gasteizko Sorginenea Emakumeen Etxean zine-bollo proiekzioa antolatu dute ekainaren 26an, Zaharraz Harro jaien egitarauaren baitan. 19:30etik izango da film laburren proiekzioa, Ikusten ez duguna izenburupean. Doako sarrera librea iragarri dute, edukiera bete artekoa.
Gasteizko mobilizazioaz gain, Araban ekintza gehiago izango dira, adibidez, Aguraingo herrian trikipoteo bat antolatu du Inguma neska gazteen taldeak ekainaren 26rako. 19:00etan abiatuko da San Juan plazatik. Igandean bertan, Mendialdeko Lamingorriak eta Mendiandreak talde feministek batukadadun poteo bat egingo dute Kanpezun, 13:00etatik aurrera.
Arabako LGTBI+ mugimenduak argi adierazi ditu bere aldarrikapenak: "Azken urteotan, eredu gay-kapitalistak bere egin nahi izan du E28a, eta batzuetan berea bakarrik”, LGTBI+ kolektiboaren gorputz eta nahietan “merkatu-hobi bat” ikusten dutelako, azaldu diote koordinadorako kideek Aleari. Gainera, euren ustez koronabirusaren pandemiak eragindako alarma egoerak "familia eredu zuri eta nuklear bat" finkatzeko balio izan du, eta horrekin apurtzeko asmoa adierazi dute. Sare sozialen bitartez alderdi politikoei zuzendutako ohar bat zuzendu diete: "E28a ez da zuen protagonismorako eguna; mesedez, ez etorri zuen pankarta, bandera edo bestelako bitartekoekin. Transbollomaribi kolektiboari atxikimendua eguneroko eginkizunekin emateko aukera duzue".
Bizkaiko hiriburuan ere "saretzearen garrantzia" adierazi du E28 Koordinadorak. Hainbat ekimen prestatu dituzte hilaren amaieran eta uztailaren hasieran.
"Harrotasun kritikoa" aldarrikatuko du Donostiako manifestazioak aurten ere. "Askatasuna ez da kontsumitzen, borrokatu egiten da" izango dute leloa.