argia.eus
INPRIMATU
LGTBI kolektiboko pertsonen %30ak orientazio sexuala ezkutatzen du lanean, beldurragatik
  • Kataluniako Homofobiaren Aurkako Behatokiak kaleratutako txostenaren arabera, Espainiako Estatuko LGTBI bikoteen erdiek ez dute afektua erakusten jendaurrean, diskriminazioaren beldur. Azken urtean gutxienez diskriminazio pasarte bat sufritu du galdekatutakoen %42k.

Leire Artola Arin 2021eko azaroaren 16a
Sexu orientazioagatik edo identitateagatik eskolan jazartu dituztenen %17 saiatu da bere buruaz beste egiten. / Argazkia: Foto Forbes.

Katalunian argitaratutako azken ikerlanak datuak baieztatu ditu: Espainiako Estatuko LGTBI pertsonen %42k gutxienez diskriminazio egoera bat sufritu du azken urtean. Ondorioz, diskriminazioaren nahiz erasoen beldur, haien identitatea edo orientazio sexuala ezkutatzea erabakitzen du askok. Kataluniako Homofobiaren Aurkako Behatokiak galdekatutako LGTBI pertsonen %16k dio ez diola inoiz bikoteari eskutik heltzen jendaurrean, eta beste %32k ia inoiz ez. Beraz, bikoteen ia erdiek ez dute publikoki afekturik erakusten. Gainera, kaleko eremu batzuetatik ez pasatzea hautatzen du %30ak.

Txostenak egiturazko LGTBIfobia aztertu du, eta azaleratu egin ditu jendarteko hainbat arlotan pairatzen dituzten bidegabekeriak: osasunean, hezkuntzan, lanean, etxebizitzan, administrazioan eta justizian. Esaterako, lanean euren orientazio sexuala ezkutatzen du, ikaragatik, galdekatutakoen ia %30ak. Dokumentuak azpimarratu ditu trans pertsonek lan arloan sartzeko dituzten zailtasunak: %37 diskriminatu egin dute lanean hasterakoan, eta %27 laneko inguruan.

Etxebizitza bat alokatzerakoan ere bazterketa sufritzen dute. Hain zuzen, diskriminazio kasuen %15 alor horretan gertatzen da, bereziki trans emakumeen aurka. Hezkuntza eremuan, txostenak eskola jazarpena nabarmendu du, zeinak pertsona horiengan eragiten duen, besteak beste, ikasketak lehenago uztea edota ikasteko zailtasun handiagoa izatea. Kezkagarriagoa da beste datu hau: sexu orientazioagatik edota identitateagatik jazarri dituzten ikasleen %17 bere buruaz beste egiten saiatu da.

Osasun sisteman ere LGTBIfobia zabalduta dagoela nabarmendu du ikerketak. Zenbait profesionalek “ezohikotzat” edota “gaixotasuntzat” hartzen dute aniztasun afektiboa, sexuala zein generoarena. Bazterketa eta eraso horiei guztiei aurre egiteko, proposatu dute langile profesionalak LGBTIfobiaren aurka heziko dituen programa bat martxan jartzeko, askotan haien aldetik baitator diskriminazioa.