argia.eus
INPRIMATU
LGBTI irakurketa taldea jarri du martxan Iruñeko Harrotu zentroak
  • Harroturen liburutegia eta mediateka ezagutaraztea eta LGBTI pertsonek literaturaren bitartez beren esperientziak partekatzea dira irakurle taldearen helburuak.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2018ko apirilaren 12a
Harrotu zentroaren irekiera eguna

Apirilaren 16an hasiko da, astelehenean, Iruñeko San Gregorio kalean dagoen Harrotu zentroan. Lehen bilera, 18:00etan izanen da. Informazio gehiago, zentroan bertan, 948226326 telefonoan eta lgtb@pamplona.es webgunean jaso daiteke. 

Harrotuk LGBTI edukietan espezializatutako liburutegia eta mediateka dauzka, herritarrentzat irekiak, kontsulta eta alokairu zerbitzuekin. Irakurketa taldearen oinarri izanen da liburutegi hori. Saioetan literatura erreminta gisa erabiliko dute, irakurketaren bitartez LGBTI pertsonen arteko harremanak sendotu nahi baitituzte eta kolektiboaren ahalduntzea sustatu nahi baitute. 

Taldea bera espazio anitza da, bertan pertsona bakoitzak nahi duen bezala azal daiteke. Era berean, LGTBI teoriei buruzko hausnarketa espazioa ere izan daiteke.

Albiste hau Euskalerria irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.