argia.eus
INPRIMATU
LGTBI+ kolektiboko errefuxiatuentzako munduko lehen harrera zentro publikoa ireki dute Madrilen
  • Kifkif eta Red Acoge elkarteek Pedro Zerolo Harrera Zentroa ireki dute, zeina sistema publikoak kudeatzen duen. Espainiako Estatuko LGTBI+ harrera sistemako lehen babes tokiak hogei asilo eskatzaileri emango die ostatu.

Jone Markuleta @JMarkuleta 2020ko azaroaren 30a
Kolonbian Harrotasun eguna 2012an. Madrilgo ostatuan, besteak beste, kolonbiarrak bizi dira.

Harrera gunearen helburua nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonei integrazio eta inklusio-prozesu bat garatzeko gune segurua eskaintzea da. LGTBI+ kolektiboak 70 herrialdetan baino gehiagotan jazarpenak, kriminalizazioak edo heriotza-zigorrak jasaten jarraitzen du. Sexu orientazio eta genero identitateagatiko asilo eskaerak Genevako Konbentzioan eta Errefuxiatuen Estatutuan jasota daude.

Harrera gunea Espainiako Estatuko Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak, Migrazioen Estatu Idazkaritzak eta Gizarteratze eta Arreta Humanitarioko Zuzendaritza Nagusiak diruz laguntzen dute. GKEek salatu dutenez, pandemiak dokumentazioaren bidalketa eta asilo prozesuak geldiarazteaz gain, larrialdi egoerara bultzatu ditu asiloa eskatzen duten LGTBI+ kolektiboko pertsonak, ez baitute aurrezkirik, lan formalik eta Gizarte Segurantzako kotizaziorik ere.

Orain arte, salerosketaren, genero-indarkeriaren edo adingabeen biktimetan espezializatutako lekuak zeuden, baina hau munduko lehena da harrera publikoko sare baten barruan, LGTBI+ kolektiboarentzat nazioarteko babesa eskatzen duena. Zeuden aukerak GKEen esku zeuden. Kifkif erakundeak berak, adibidez, migratzaileentzako larrialdiko etxebizitza bat zuen, eta otsailean itxi behar izan zuten, Madrilgo Erkidegoak laguntzak ez ematea erabaki ostean.