argia.eus
INPRIMATU
LGTBI Behatokia hauteskunde kanpaina baino lehen martxan jartzeko exijitu dio Gasteizko Udalari Lumagorrik
  • Gasteizko Udalak sexu-orientazio eta genero-identitatearen inguruko gorroto delituen aurka egiteko Behatokia martxan jartzeko konpromisoa hartu zuen, baina hauteskundeetarako hilabete gutxi falta direnean, ez dago ezer. Maiatzean diagnostiko berri bat publikatuko du Lumagorri-k, baliabide propioekin egindakoa: “Datu bilketa modu prekarioan egiten den azken aldia izatea nahi dugu”.

Hala Bedi @halabedi 2019ko martxoaren 05a

Lumagorri HAT elkartea mesfidati agertu da LGTBI Behatokiarekin. Behatoki honek Gasteizko sexu-orientazio eta genero-identitatearen inguruko gorroto delituen aurka egin nahi du lan, baina elkarteari hainbat zalantza azaldu zaizkio.

Elkartearentzat, Behatokia Udalaren promesa bat da oraindik, baina hauteskundeak hurbil daudenez eta erakundearen erritmoak lasaiak direnez, “arriskuan jartzen ari da LGTBI pertsonen eskubideen aldeko proiektua”.

2017ko abenduan, Gasteizko Udalak aurreko hilabeteetan LGTBI herritarren artean egindako diagnostikoaren ondorioak argitaratu zituen. Lumagorrik, orduan, azterketa horietatik ateratako emaitzen argitasuna txalotu zuen, non, inkestatutako LGTBI pertsonen gehiengoak erasoak sufritu zituela salatzen zuen: %57ak espazio publikoan, %44,8ak eskolan, %28ak lan munduan, %53,3ak osasun arloan eta %43ak aisialdian. Aipatzekoa da ere inkestatutako pertsona batzuek, eraso fisikoak eta irainak ekiditeko, euren sexu-orientazioa ez erakustea defentsa-mekanismo gisa azaldu zutela.

2018ko maiatzean, berriz, Lumagorrik sexu orientazio eta genero-identitatea dela eta Gasteizen izandako 15 erasoen inguruko txosten bat argitaratu zuen. Datu guztiak 2017an eta 2018ko lehen sei hilabeteetan zehar jaso ziren: “Datu bilketaren prekarietatea azpimarratzen dugu, ez baitugu lokalik ezta elkartearenak ez diren beste baliabiderik lan hau egin ahal izateko”, adierazi du elkarteak.

Txosten hau Gasteizen egindako lehen txostena izan zen, non Udalaren diagnostikoan agertzen zen eskaera berresten zen: sexu-orientazio eta genero-identitatearekiko gorroto delituen aurkako tokiko Behatokia sortzea.

“Urteak eta hilabeteak pasa dira, legegintzaldia amaitzera doa eta ez dugu emaitzarik ikusi. Udal honek titularrak eskaintzeko duen joera ezagutzen dugu, gero ezertan gauzatzen ez direnak. Horregatik, ezinbestekoa da Behatokia hauteskunde kanpaina baino lehen martxan jartzea“, azpimarratu du elkarteak.

Diagnostiko berri bat maiatzean

Datorren maiatzean, LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Egunean, Lumagorrik hirian izandako erasoen berri emango du berriz ere. Lan hori, beste urte batez, baliabide propioekin egin da, erakundeen laguntzarik gabe. “Datu bilketa modu prekarioan egiten den azken aldia izatea nahi dugu”, adierazi dute. 

“Erakundeek LGBTI pertsonekin dituzten erantzukizunak ezin ditugu ahaztu. Horregatik, Udalari behatokiaren proiektua ahalik eta lasterren martxan jartzea exijitzen diogu “, amaitu du Lumagorrik.

Albiste hau Hala Bedik eman du eta Creative Commons lizentzia libreei esker ekarri dugu ARGIAra.