argia.eus
INPRIMATU
LGTBI+ Askapenaren Nazioarteko Egunean mobilizazio jendetsuak izan dira Hegoaldeko hiriburuetan
  • Harrotasun kritikoaren lemek Hego Euskal Herriko hiriburuetako kaleak hartu dituzte. Pandemiaren ondorioz baldintza berezietan egin badira ere, jarraipen zabala izan dute manifestazioek.

Mikel Eizagirre 2020ko ekainaren 29a
Donostiako manifestazioa. Argazkia: Irati Salsamendi

Igandean, Sexu Askapenaren Nazioarteko Egunean, mobilizazio ugari izan ziren Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Aurten, pertsona transexualen aldeko aldarrikapenak lehen lerroan jarri dira, feminismoan haien aurka protagonismoa irabazten joan diren korronte baztertzaileei erantzuteko.

Bilbon, arratsaldeko zazpiak aldera abiatu dira manifestariak Areatzarako norabidean, plaza Eliptikoko elkarretaratzearen ostean. Honakoa izan da aurtengo lema: “Sareen aldeko borroka etengabea. Perseguides, clandestines, unides”.

Talde deitzaileetako ordezkari Joseba Gabilondok hedabideen aurrean eginiko adierazpenetan adierazi duenez, "disidente sexualak" elkartu dira aurten ere, egindako "borroka guztia" oroitzeko, kolektiboaren eskubideen alde borrokatzeko eta "LGTBfobiari" aurre egiteko.

Donostiako Koordinadora Transmarikabollo Feministak antolatutako mobilizazioan "Harrotasun kritikoa" aldarrikatu dute, iaz ekainaren 28ko protestatan planteatutako aldarrikapenei jarraiki. Ehunka lagunek hiriaren erdiguneko kaleak zeharkatu ostean burutu zuten protesta Bulebarreko kioskoan. Mobilizazioan zehar arrazismoaren eta kapitalismoaren aurkako aldarrikapenak entzun ziren. Manifestuan, Atzerritarren Legea bertan behera uztea eta Atzerritarren Barneratze Zentroak ixtea eskatu zuten.

Gasteizen, E28 koordinakundeak iragarri bezala, 12:00tan abiatu zen manifestazioa Bilbo Plazatik, eta Gaztetxean amaitu zen. “Sexu eta genero disidentzia antolatu guztia iraultzeko” izan da aurtengo leloa.

Iruñean, berriz, manifestazioa “Normaltasuna hautsi, transbollomarika borrokan” lemaren pean abiatu zen.