argia.eus
INPRIMATU
LGBTI pertsonen aurkako eraso eta gorroto-diskurtsoek gora egin dute Araban
  • Azken urteko datuak eman ditu Ikusgune Gasteizko LGBTI+fobiaren aurkako Behatokiak: gertakari gutxiago zenbatu dituzte Araban, baina gertakarien artean gora egin dute erasoek eta gorroto-diskurtsoek. Transexualen kontrako intzidentziak ere handitu direla salatu du Behatokiak.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 13a

2020ko maiatzetik 2021eko apirilera bitarteko datuak jaso dituzte IV. txostenean. Guztira 14 LGBTI+fobia gertakariren berri izan dute Araban. “Aurreko urteetan baino intzidentzia gutxiago jaso dira. Beherakada hori egoera pandemikoarekin estuki lotuta dago, pandemiak zaildu egin baitu indarkeriazko egoerak salatzea, eta eragin du tradizionalki eraso asko (jaiak, aisialdiak...) gertatu diren gunerik ez egotea”.

Transexualen kolektiboan izandako intzidentzien hazkundea nabarmendu dute txostenean. “Pertsona transen aurkako gorroto-diskurtsoak protagonismoa hartzen jarraitu du azken urte honetan, batez ere kolektibo horren eskubideak bermatuko dituen Espainiako Estatuko lege-proiektuaren tramitazio-prozesuaren barruan. Gorroto-diskurtsoa gorroto-delituen atarikoa da, eta, horrenbestez, premiazkoa da horrelako mezuak geldiaraztea, eraso orokortuak eragingo dituen mehatxu erreala izan aurretik”.

Gertakarien barruan, LGBTI+ kolektiboaren aurkako erasoek eta gorroto-diskurtsoek ere gora egin dute.

Pandemia garaian etxera eta armairura bueltatzea

“Familiaren etxea ez da segurtasun- eta zaintza-espazio bat LGTBI+ diren pertsonentzat, familian onartuak ez izan arren familiarekin bizitzera behartuta daudenenean. Horrek areagotu egiten ditu etxeko indarkeriaren eta abusu fisiko eta emozionalaren tasak, bai eta osasun mentalaren kalteak ere. Ezin ditugu ahaztu familiaren etxera, zaharrak zaintzera, itzuli behar izan duten pertsonak, horren ondorioz armairura itzuli behar izan dutenak, edo beren genero-adierazpena mugatu”.

Hainbat gomendio eman ditu Ikusgunek. Hala nola, zurrumurruen aurkako kanpainak egitea, transekiko gorroto-diskurtsoen aurka; LGTBI+ ikuspegia txertatzea politika sozialetan, sexu- eta genero-aniztasunarekin zerikusia duten bazterketa soziala eragiten duten faktoreak identifikatuz; hedabideetan jardunbide egokiak bultzatzea, LGTBI+ pertsonen aurkako erasoekin zerikusia duten albisteak idaztean izan ohi diren askotariko diskriminazioak saihesteko; administrazioaren arreta- eta jarduera-protokolo guztietan LGTBI+ pertsonen arreta sartzea, askotariko errealitateak kontuan hartuta; LGTBI+ erreferenteen hedapen-kanpainak egitea; eta jarraibideak ezartzea pertsona LGTBI+en eskubideak lan-arloan errespetatzen direla bermatzeko.