argia.eus
INPRIMATU
LGBTI pertsonarik onartzen ez duten herriak 30 baino gehiago dira Polonian
  • Hogeita hamar herri, probintzia eta eskualde baino gehiago dira jada, iazko abuztutik LGBTI pertsonarik gabeko gune deklaratu dituztenak Polonian, administrazioak berak bultzatuta. Pegatinak ere banatu dituzte, judutarrak onartzen ez zituzten espazioak markatzeko Hirugarren Reichean egiten zuten gisan.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko otsailaren 26a

LGTBI pertsonen existentzia ukatzen duen ebazpena

Polonia hegoaldea da kontserbadoreena eta bertan hartu dituzte neurriok. Inkesten datuek diote homofobia gutxitzen ari dela gizarte poloniarrean, baina instituzioetatik kontrako norabidean ari da eskuin muturra. Swidnik eskualdean esaterako, LGTBI pertsonen existentzia ukatzen duen ebazpena onartu zuten iaz: halako pertsonarik ez dagoela diote eta beraz, horiek defendatzeko edozein lege ideologia baino ez dela.

Eskuin muturra Europako instituzioetan

“Arriskua ateetan dugu. Europan eskuin muturra indarra hartzen ari dela ari gara ikusten, ez direla bizpahiru ero megafono batekin, baizik eta instituzioetara iristen direla eta gure bizitzak eta ondoren datozen belaunaldienak markatzen dituzten erabakiak hartzen dituztela. Europa ari da estigmatizazio hau onartzen”, salatu du The Stonewall aldizkariak.