argia.eus
INPRIMATU
LGBTI pertsonaiak fikzioan: gutxi eta identitate gatazketara kondenatuak
  • LGBTI pertsonaiek Espainiako Estatuko film eta telesailetan duten lekua aztertu dute. Fikziozko pertsonaien %6 baino ez dira ez-heterosexualak, eta gehienetan rol anekdotikoa dute edo sexu-joerari lotuta bizi duten draman zentratzen da euren papera.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko martxoaren 02a

2019 urteko 56 pelikulatan eta 43 telesailetan ageri diren 1.300 pertsonaia aztertu ditu Ikus-entzunezkoetan dagoen Aniztasunaren Behatokiak (ODA). Ondorioa da apenas dagoela LGBTI pertsonaiarik fikzioan, eta dagoenetan, edo hirugarren mailakoa da bere presentzia, edo esplizitatu egiten da bere sexu-joera, hori delako fikzioan duen funtzioa: identitate eta joera horrek eragiten dion gatazka pertsonala. Heterosexualek dituzten tramak eta duten protagonismoa falta da LGBTI pertsonaientzat, dio azterketak.

LGBTI eta emakumea izanez gero, are errepresentazio murritzagoa

LGBTI pertsonaien barruan, emakume ez-heterosexualen errepresentazioa oso txikia da eta kolektiboaren errepresentazio zabalena gizon homosexualena da. Azterturiko pertsonaia guztien artean, lau baino ez dira transexualak, eta horietatik bakarrak baino ez du aktore transexual batek antzeztu. “Horrek behin-betikotzen duen ideia kulturala da trans pertsonak ez direla existitzen”, dio Behatokiak.