“LGTBH+ kolektiboak jasan berri dituen eraso homofoboen aurrean haserrea agertzeko” antolatu du mobilizazioa Bizkaiko E28 koordinadorak maiatzaren 17rako, LGBTfobiaren aurkako nazioarteko eguna. Heteroarautik kanpo kokatzen diren herritarrak “bigarren mailako subjektu” izaten jarraitzen dutela salatu dute.
Azken hilabeteotan “indarkeria-bolada” piztu dela dio Bizkaiko E28 koordinadorak. “Gogoan dugu 'marikoi' garrasipean gazte bati Bilbon egindako talde-erasoa, ahoa txikitu ziotenari, Moma aretoan berriki izandako eraso lesbofoboa, Zornotzan gazte bati duela egun batzuk egindako talde-erasoa, Getxoko erasoa, eta noski gogoratzen ditugu azken hilabeteetan Bilbon hil dituzten 8 marikak. Eta gehiago izan daitezke, eta leku gehiagotan. Agur eta ohore”.
Bigarren mailako herritar
Komunikabide, alderdi politiko, sindikatu eta elkarteak “seinalatu” ditu koordinadorak. “’Zerbait egin dugulako’ gure heriotzei garrantzia kentzen dietenen isiltasun konplizea salatzen dugu. Sistema polizial eta judizialek bigarren mailako subjektu gisa tratatzen gaituztela seinalatzen dugu, gure gorputzei jasaten ditugun gaitzen errua leporatuz, ‘herritar zintzoen’ arreta merezi ez dugulakoan”. Arreta eta aitortza ez horren ondorio lirateke “erailketa jarrai” horiek berandu identifikatzea.
“Bilboko Udala, Bizkaiko Aldundia eta horien botere eta diruaren inguruan” mugitzen direnak egoeraren “konplize” direla salatu du ere koordinadorak, heteroarautik kanpoko bizitzak merkantilizatu eta turismorako amu bilakatzeagatik. “Bilatzen duzuen Pride cis, gay eta zuria ez da inoiz Bilbora etorriko. Saltzen saiatzen zareten turismo hiri horrek gu eta gure bizilagunak akatu eta etxetik botatzen gaitu. Ez gara indarkeri horren partaide izango. Ez gure izenean, ez gurekin”.
Maiatzaren 17an beldurrari aurre egitera eta erasoen aurrean antolatzera deitu dituzte herritarrak. Manifestazioa Arriaga plazatik irtengo da 20:00etan.