Manchesterren (Erresuma Batua) ikasle lesbiana, gay, bisexual eta transgeneroentzako lehenengo ikastetxe publikoa zabal dezakete datozen hiru urteetan.
LGBT Youth Northwest ongintzako erakundeak iragarri du proiektua. Hala ere, momentuz “plan bat” bakarrik dela azpimarratu dute, eta LGBT komunitateko kideen artean kontsulta prozesu bat hasi dute erabakia zehaztu ahal izateko, El Paísen arabera
Egitea erabakiko balitz, eskola hori “zentro alternatibo” bat izango litzatekeela esan du Sally Carrek, erakundeko zuzendariak. “40 ikasle hartuko genituzke, genero eta sexualitate mota guztietakoak. Homofobiarik gabeko gunea izango litzateke”.
Babesa ala isolamendua?
LGBT ikasleek jasaten duten bullyinga saihestea izango da eskola espezializatuaren helburua. Inkestek diotenez, jazarpena pairatzen duten ikasleen %41ek bere buruaz beste egitea pentsatu dute edo saiatu egin dira.
Hala ere, ikastetxe berezietan sailkatzeak kolektibo hori gizartetik isolatzea ekar dezake, eta ez luke balioko gainerakoen homofobia sendatzeko. Amelia Lee, LGBT Youth Northwest erakundeko arduradunetako bat kontziente da horretaz. “Ez da gure asmoa mundutik aldendutako inguru seguru bat sortzea. Baina gure hezkuntza sistemak ez ditu asetzen barne-gatazkak dituzten gazteen beharrak”.
Bi aukera ikusten ditu Leek: “Eskola guztiak inklusiboak izan arte itxaron dezakegu, edo onartu dezakegu oraindik ez garela horraino iritsi, eta ikastetxe espezializatuak behar ditugula momentuz”.