argia.eus
INPRIMATU
Lezoko eraso matxista salatu eta ekintza zuzena aldarrikatu du mugimendu feministak
  • Erasoen aurrean “kikilduko ez direla” eta "nazkaturik" daudela adierazi dute Lezo eta Errenteriako feministek eta autodefentsa feminista eta ekintza zuzena aldarrikatu dituzte.

Julene Flamarique 2024ko abenduaren 11
Kontzentrazioa egin dute Orereta eta Lezo artako tren geltokian Oarsoaldeko Hitza

Kalera atera dira, berriz ere, mugimendu feministako kideak. Oraingoan Lezo-Oreretako talde feministak antolatu du elkarretaratzea, salatzeko larunbatean Lezon gizon batek bikotekidea kalean eraso egin ziola.

Bi udalerrien arteko tren geltokian elkartu dira dozenaka bizilagun asteartean, eta autodefentsa feminista aldarrikatu dute “eraso matxistak eguneroko ogia diren bitartean”. “Nazkatuta” daude, eta “baboso zein erasotzaileak” kanporatzeko deia egin dute.

Bi udalerrietako udalek bat egin dute kontzentrazioarekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere gaitzetsi du eraso matxista.

Erakundeek eskaintzen dituzten “neurri zigortzaileekin” aski ez dutela adierazi dute feministek, eta herrietan sufritzen dituzten indarkeriak errotik ezabatzeko “bestelako ekintza eta neurriak” behar dituztela azpimarratu dute. Emakumeek espazioak bereganatzeko beharra nabarmendu dute, libre mugitzeko; “nonahi, noiznahi, nolanahi, bide eta espazio guztietan, libre mugitzeko eskubidea aldarrikatzen dugun ozen”.

Erasotzaileen izen-abizenak ezagutu eta “kanporatu arte” kaletik baztertuko dituztela ohartarazi dute.  Erasoen aurrean “kikilduko ez direla” jakinarazi, eta horien aurrean ekintza zuzenaren aldarria egin dute feministek.