argia.eus
INPRIMATU
Lezo, Lekeitio, Lesaka eta Zaldibar: emakumeak dantza ekitaldietan
  • Gero eta herri gehiagotan ari dira emakumeak orain arte gizonezkoak bakarrik aritzen ziren dantzetan parte hartzen. Pixkanaka, lekua hartuz doaz emakumeak plazan, festetan, dantzan. Lezoko San Joan bezperako soka-dantzan aurten lehenengo aldiz dantzatu dute emakumeek. San Pedro egunean ere, estreinakoz, emakumeak atera dira arraunekin eta kaxa eramaten Lekeition. Lesakako zubigainekoan oraindik irten ez badira ere, entseguetan emakumeak aritu dira. Zaldibarko dantzari-dantzan ere irten dira aurten lehengo aldiz emakumeak.

Kattalin Agerre dantzan.eus 2017ko uztailaren 26a
Emakumeak kaxarranka eramaten lehengo aldiz. Lekeitio, 2017-06-29. (Arg.: Potxuak Martxan)
Lezon soka-dantzan

Lezon, San Juan bezperan, suaren inguruan dantzatu ohi den soka-dantzan, alpargata emakumeek ere dantzatu dute aurten. Desafioa dantzatu duten dantzarietako bat ere emakumea izan da aurtengoan. Orain arte gizonezkoak ziren soka-dantzako protagonistak baina aurten dantzariek dantzatu dute, generoa kontutan hartu gabe. Murixka dantza taldeko dantzariek atera dute soka.

San Juan bezperako soka-dantza. Lezo, 2017-06-23. Argazkia: Oarsoaldeko Hitza.
Lekeition kaxarrankarekin

Ekainaren 29a, San Pedro eguna, egun handia izaten da Lekeition. Euskal Herriko dantza ikusgarrienetariko bat egiten dute, kaxarranka. Kaxaren gainean doan dantzariari arraunlariek laguntzen diete. Emakume arraunlariak badirenez herrian, aurten, hauetako batzuk kaxarrankarekin irten dira.

Emakumeak kaxarrankari laguntzen arraunekin. Lekeitio, 2017-06-29. Argazkia: Potxuak martxan.
Lesakan zubigaineko entseguetan

Lesakan San Fermin egunean dantzatzen den zubigainekoan, oraindik neskek ez dute dantzatu baina bai entseguetan. Zenbait neska entseguetan parte hartzen ari dira eta entsegu orokorretan ordezkapenak egin dituzte, baita buruzagi postuan ere.

Emakumeak Lesakako zubigainekoaren entseguan. Irudia: Hamaika telebista
Zaldibarren dantzari-dantzan

Dantzari-dantza parekidea Durangaldeko hainbat plazatara heldu da. Zaldibarko jaietan, Sorne Uriarte, plazara atera da dantzari-dantza dantzatzera. Talde nagusiarekin batera, zortzi neska gaztek agintariena eta txotxongilo dantzatu dituzte.

Zaldibarren emakumeak dantzari-dantzan. Argazkia: Anboto

Albiste hau Kattalin Agerrek argitaratu du dantzan.eus-en eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra