argia.eus
INPRIMATU
Hiuzz + Bloñ + Adur
Lete ravero bat Iruñean
Gorka Intxausti Aranguren 2025eko otsailaren 21
Adur taldea. Gorka Intxausti Aranguren

Hiuzz + Bloñ + Adur
Noiz: otsailaren 15ean.
Non: Iruñeko Aitzina tabernan (Egun Motelak kolektiboa).

--------------------------------------------

Larunbat goiza Iruñean. Neguko eguzkitan lanera doazen gizon –eta ez gizon– bakarti batzuk bai, baina, batez ere, turistak eta despedidak eta Osasuna eta Real Madrileko kamisetak eta jendea ingelesez eta frantsesez eta ulertzen ez ditudan beste hizkuntza batzuetan berbetan. Egun Motelak kolektiboak antolatutako zazpigarren kontzertua dela-eta bertaratu naiz, baina iritsi orduko konturatu motela, motela... ez dela izango. Ur azpian igeri dabilenak arnasa hartzeko nola, alde zaharretik eta kamera daramaten pertsonengandik urrundu naiz arratsaldean, iluntzean berriz murgiltzeko.

Iruñeko ZZE Zuk Zeuk Egizu kolektiboak Aitzina taberna aukeratu du hitzordurako, eta goiz bertaratu gara kuadrillatxoa. Taberna ezagutzen nuen, baina sotoa ez: upategi itxurako areto ilun eta txikia. Zirritoki bat. Hemen zerbait gertatzen bada... pentsatuz, baina sabelean kili-kiliak ditugula sartzen garen horietakoa. Giroari dagokionez, denetariko jendez lepo dago lekua. Ez da harritzekoa kartela ikusita. Gero esango digute euskal musika genero bat dela.

Hiuzzek jo du lehenengo, etxekoak direlako. Aspalditik nuen gogoa iruindarrak ikusteko. Are gehiago abenduan Esperoan lehen lan luzea kaleratu zutenetik. Talde erraza da entzuteko. Halako dardara moduko bat eragiten die 1990eko fuzza maite dutenen hankei, eta rocka edo popa maite duten belarriek ez diete muzin egingo kantu itsaskor hauen esentziari. Jolasean aritu dira aretoaren sakonean muntatu (anti)oholtzatik, eta ziur nago aurrerantzean gehiagotan ikusiko ditugula Euskal Herriaren luze-zabalean.

Bloñi buruz ezer gutxi esango dut, lorez testu hau halako hamar bete nezakeen arren. Besarkada bat entzule bakoitzaren bihotzari. Ezagutzen ez duenak irakur beza Udane Barinagarrementeria Lakak duela zenbait hilabete idatzi kronika. Hori bai, isiltasun gehixeago eskertuko nukeen.

Adurrek jo du azken [argazkian]. Xabier Aguadok eta Naroa Esturok Bilbon sorturiko proiektua da, beste proiektu batean kide izan ondotik estilo elektronikoagora eta soinu zikinagoetara jauzi egin izanaren emaitza. Rave-punk folklorikoa esaten diote beraiek. Izen interesgarria, ezta? Ba pentsa zuzenekoa. Nekea du izena haien bigarren EPak, eta bai, horixe eragin dezake haien kontzertu batean egon izanak. Baina lasai, ez zara damutuko. Adrenalina dosia, barrenak oihu guturalen bidez husteko. Imajinatu Xabier Lete ez-bitar bat, bekainean piercinga daramala, plataformen gainean eta Hello Kittyren kamiseta batekin, gitarra akustikoaren ordez elektrikoa eta distortsioa jarrita, baina txapela buruan. Hartu hori guztia eta jar iezaiozu DnB edo techno base bat, gogorra. Halako zerbait da Adurren abesti bat. Ez zaidazu galdetu, joan eta entzun.