argia.eus
INPRIMATU
Lesio larriak, talde kriminala izatea eta gorrotozko delituengatik ikertzen dituzte Indar Gorriko kideak
  • Asteazkenean atxilotutako Indar Gorriko 61 kideak libre utzi ditu Iruñeko Instrukzioko 4. epaitegiak, behin-behineko askatasunean eta kautelazko inongo neurririk gabe.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko martxoaren 08a

Atxilotuek ez dute adierazpenik egin epailearen aurrean eta epaileak ezagutzera eman die Sevillako 7. Instrukzio epaileak irekitako prozedura judizialean zergatik ikertzen dituzten: lesio larriak eragitea, talde kriminaleko kide izatea, gorrotozko delitua eta liskar jendetsuan aritzea.

Indar Gorriko atxiloketez gain, Espainiako Poliziak United Family taldeko 23 pertsona atxilotu ditu Sevillan eta Madrilen. Sevillako epaileak futbol zelaietara joateko debekua jarri die azken horiei, baina Iruñeko epaileak ez die inongo kautelazko neurririk jarri Nafarroan atxilotutakoei.

Fiskaltzaren aburuz, iragan urriaren 9an Betis-Osasuna partidaren atarian Sevillan bi taldeen aldeko zaletuen artean izandako liskarretan parte hartu zuten atxilotuek.

Espainiako Futbol Profesionaleko Ligak, halaber, akusazio gisa auzi honetan parte hartuko duela iragarri du. Nafarroako atxilotuek Nafarroako Lurralde Auzitegian deklaratu dute, baina Sevillako Instrukzio 7. Instrukzio epaileak ireki duenez prozedura, seguruenik Nafarroan irekitako prozedura itxi eta Sevillakoak jarraituko du auziarekin.

Atxiloketak eta deklarazioak iraun duten bitartean, Indar Gorriko kideek protesta egin dute Iruñeko Lurralde Auzitegiaren atzealdean. Atxilotuen askatasuna eskatu dute eta jakinarazi dute "faxismoari aurre egiten" jarraituko dutela.