argia.eus
INPRIMATU
Lesbosen dauden emakume errefuxiatuek duintasuna eskatu dute manifestazio ez-mixto baten bidez
  • Joan den astean, urtarrilaren amaieran, 300 emakume errefuxiaturen askatasun aldarriak hartu zituen Lesboseko hiriburuko, Mitileneko, kaleak, La Directa hedabide katalanak kaleratu duenez.  Irla honetan, greziar irletako hirugarren handiena, 100.000 biztanle bizi dira, eta 20.000 errefuxiatu.  Hauetatik erdia inguru, emakumeak.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko otsailaren 05
Lesboseko manifestazioa. Argazkia: La Directa.

Urtarrilekoa manifestazio ez-mixtoa izan zen, aitzindaria eremu honetan. Beraien oinarrizko bizi-baldintzak ez errespetatzea salatu zuten. Izan ere, 3.000 pertsona hartu ditzakeen duen Moriako errefuxiatu-kanpalekuan 17.000 errefuxiatu daude bizirauten.  Honek ondorio zuzenak ditu kanpalekuetako biztanleriarengan, batez ere emakumeengan, oinarrizko azpiegitura eta zerbitzuak betetzen ez direnez, gaixotasunak ohikoak baitira.

Lesbosen dauden errefuxiatuen egoera larria da, hilabeteak edo urteak egon daitezke errefuxiatu estatusa lortzeko, eta ordura arte ezin dute uhartetik alde egin.  Greziar gobernu berriak, gainera, asilo eskaerak onartzeko legea zaildu egin du.

Azken egunotan beste hainbat manifestazio izan dira uhartean, askatasun aldarri berarekin. Poliziek kargatu egin dute manifestarien kontra, Niusek kaleratu dituen irudietan ikus daitekeen bezala.