argia.eus
INPRIMATU
Lesbianismoaz eta ultraeskuinaz mintzo den ‘Lesvia’ dokumentalak irabazi du Zinegoakeko sari nagusia
  • Epaimahaiaren esanetan, dokumentala beharrezkoa da "bizikidetzari espazioa emateko", eta era berean, ez ahazteko urte luzez lesbianismoak ez duela ikusgarritasunik izan. Filminen dago ikusgai.

ARGIA @argia 2024ko uztailaren 02a
\'Lesvia\' filmeko fotograma bat.

Bilboko LGTBIQ+ 21. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdi den Zinegoakek edizio honetako sariak iragarri ditu asteon, Harrotasunaren Eguna iragan berritan. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, memoria lesbikoak eta ultraeskuinari erresistentziak eta borrokak izan dira palmaresaren protagonistak.

Sari nagusia Tzeli Hadjidimitriou zuzendariaren Lesvia dokumentalak bereganatu du, epaimahaiaren arabera, gaia bete-betean datorrelako ultraeskuinaren gorakadaren eskutik neurri lesbofoboak gero eta gehiago hartzen diren garai honetan.

Horrez gain, saria bereganatu ez badu ere, Joris Lachaiseren Transfariana lanari aipamen berezia egin nahi izan dio epaimahaiak: "Ezinbestekoa da pelikula hori ere ikustea, maisutasun handiz erakusten duelako FARC taldearen borroka marxista eta militarizatua bat eginda aritu zela transfeminismoarekin, sistema eraldatzeko grinez".

Gainontzeko palmaresa

Lesvia dokumentalaz gain, sari gehien jaso dituen lana Lilla Halla zuzendariaren Levante filma izan da. Sari bi jaso ditu: Aniztasuna eta Giza Eskubideen saria eta Lesbianismo eta Generoaren saria. Honakoa nabarmendu diote: "Genero-aniztasuna irudikatzen du eta zaintza-sarea erdigunean jarri, eskubideen galerari erantzuteko eta faxismoak aurrera egin ez dezan".

Fikzioen sailean, Levan Akninen Crossing pelikulak irabazi du, Istanbul (Turkia) zaratatsuaren erretratu bikaina egiten duelakoan. "Pertsonaia guztiak elkarren artean bilatzen ari direla ematen du, baina batik bat euren buruaren bila ari dira".

Narratiba berriei loturik, Lisa Gerig zinegilearen The Hearing saritu dute. Europako migrazio gaiak lantzen ditu filmak, eta migrazio horien barnean, kuir edo ez kuir, bizi duten drama soziala jorratu.

Publikoaren saria, azkenik, Elsa Aloisioren Au bord de nos nuits blances lanak irabazi du, zeinak sexu langileen eta trans emakumeen erresistentzia eta sororitatea kontatzen dituen.