Ricardo Ezkurrak abortuaren dekretuaren "formekin" iritzi kontrajarria daukala adierazi du, ez ordea "edukiarekin". UPNren garaian izendatutako azken karguetako bat da Ricardo Ezkurra.
Sei zuzendaritza berri izendatuko ditu Nafarroako Gobernuak Nafarroako Ospitale Gunerakoa, merituetan oinarrituta: Traumatologia, Neumologia, Oftalmologia, Neurozirugia, Sexu Osasuna eta Ginekologia dira bururik gabe geratuko diren arloak. Hain justu, azkenekoan aritu izan da orain arte Ricardo Ezkurra orain arte, Ginekologian; dimisioa aurkeztu berri du, haren hitzen bueltan polemika egon da eta, nolanahi ere Nafarroako Gobernuak, hark dimisioa aurkeztu gabe ere, kargutik kentzeko asmoa azaldua zuen –zuzendaritza kargu deialdi berrira aurkez daiteke, orain–.
Sexu Osasunari lotutako hitzarmenean bildutako puntuak garatu ahal izateko azkartu ditu Osasun Sailak hainbat karguren kargugabetzea. Ezkurraren gisan, Sexu eta Ugalketa Osasun Zentroetako buru Orlando Liberalek ere dimititu egin du, makina bat gairekin ados ez dagoela esanez, esaterako, inseminazioa edota transexualei eman nahi zaien arretarekin.
UPN gobernutik kentzeko hiru hilabete eskas falta zirenean izendatu zuten erregionalistek Ricardo Ezkurra Osasunbideko Ginekologia buru.
Irailaren 13an, Sexu Ugalketa Osasunerako Foru Dekretua Nafarroako Parlamentuan azaltzeko agerraldia egin zuen, baita argi utzi ere UPNren tesiekin bat egiten duela, batez ere bi gaitan: bat, lesbiana bikoteentzat eta bikoterik ez dutenentzat ugalketa bermatzeak "antolakuntza arazo ugari" dakartzala esan du; eta bi, abortua sare publikoan txertatzea "zaila" izanen delakoan dago, "mediku asko" kontzientzia eragozleak direlako.
Hain justu, horixe bera zen UPNk lehengo agintaldian ziona, eta, egun, batere aldaketarik gabe mantentzen duena. "Baten batek pentsa dezake hau esateak dekretua ezartzeko oztopoak jartzea dela; ezta pentsatu ere", esan zuen Ezkurrak. Gobernuari "errealitatea" zein den azaltzeko betebeharra daukala azpimarratu zuen, halaber, "hori txarra edo ona izanda ere".
Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra