argia.eus
INPRIMATU
Lesbiana naiz, atsegin handiz eta sudur-puntan jarri zaidalako
  • Baina heteroarauan oinarritzen den gizarte batean sekulako indarkeria, fisikoa eta sinbolikoa, pairatzen duzu txikitatik. Bikoteak, gizon-emakumeek osatzen dituzte, hori da normala izatea. Eta zu, lesbiana eta sexu disidente, bestelako era batera bizi zara, ezberdin. Gogoan zenituen irudi positiboak itxuraldatuta zeuden. Arraro sentitzen zara eta inguruan zu bezalakoa den norbaiten bila zabiltza, eta aurkitzen duzun hutsunea erraldoia da...

Rosa Pintor 2017ko azaroaren 29a

Pelikuletan lesbianak haserre agertzen dira, gaiztoak dira, guztiek gaizki bukatzen dute, bere buruaz beste egitera heldu arte ere. Gaur egun, folklorera pasa gara edo umore telesailetara… irudi positiboak ez dira heltzen komunikabide edo zinematara. Orain onartzen gaituzte, baina nik nahi dudana da, generoak edo sexuak ez baldintzatzea pertsonenganako desioa.   

Familian oraindik asko gara lesbiana garela esaten ez dugunok, baztertuak ez izateko, familiaren gutxiespena eta mespretxua ez jasotzeko. Eskolan ere, ez duzu zure burua agertzen, eskola jazarpenaren beldur zarelako. Lanean, ez duzu esaten lesbiana zarela, akaso ez dizutelako zure gaitasuna aitortuko edo are okerrago, kaleratua izateko arriskuan zaudelako. 

Egunero pairatzen dugu indarkeria bizitzako alderdi guztietan. Kalean, lokaletan, begirada arraroak gurutzatzen dira beste emakume baten eskutik bazoaz edo zuen arteko maitasuna adierazteagatik. Itxura ere eraso iturri bihurtzen da, ez baduzu zugandik espero den emakume eredua jarraitzen, aztertzen zaituzte, baita baztertu ere, mutila ala neska zaren galdetzen dizute… Hotel batean birentzako ohe bat erreserbatu eta hantxe agertzen zaretenean, beharbada erratu zarela esaten dizute eta azalpenak eman behar dituzu halabeharrez… Hauek eredu gutxi batzuk besterik ez dira…  

Eraso larriak ikusgarriak dira, baina horiek gutxienekoak dira. Jasaten ditudan, jasaten ditugun eraso gehienak, ez dira hain bortitzak, baina iraunkorrak dira, ez dute alde egiten, eta ikusezinak dira, ez direlako aipatzen, eta esaten ez dena, ez da existitzen.

Nola gainditzen da hau guztia? Gizarteak sortutako arazoa hartu eta hura zalantzan jarriz, geure espazioak eta esanahi propioak aldarrikatuz. Antolatuz, kolektibo lesbofeminista batean, aldizkariak argitaratuz… aldarrikapen politiko batean bilakatuz. Erantzukizuna daukat, erantzukizuna dugu, heterosexualitatea sistema mantentzeko inposaketa bat dela azaltzeko. Harreman, sexualitate eta bizitza ere du alternatiboak eskaini ditzakegu. Nire errealitatea ederra da, primerakoa, bizigarria, eta gustatuko litzaidake guztiek, emakume guztiek, probatzeko aukera izatea. Harrotasuna, aldarrikapena eta militantzia!

Artikulu hau Bilboko Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra