argia.eus
INPRIMATU
Lesakan ezpata-dantzari ateratzeko listan zain
  • Lesakako ezpata-dantzariak San Fermin egunerako ezpata-dantzako entseguetan dabiltza azken hilabetean. Hamabost atera ohi dira dantzara, eta besteak titularren batek hurrengo urteetarako lekua utzi zain daude.

Amaiur Aristi dantzan.eus 2024ko uztailaren 04a
Ezpata-dantzarien entsegua, Lesaka, 2024-06-25. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

"Batzuetan izaten ahal duzu suertea eta bigarren urtean atera jende aunitzek utzi duelako edo egon ahal zara 3-4 urte entseatzen atera baino lehen", dio Martin Etxegaraik (1998). Bera da taldeko beteranoenetakoa, aurten laugarrenez dantzatuko du.

"Nahiko talde gaztea gara orokorrean. Hiru urtez dantzatu duten bi daude eta gero hurrengoak gu", gehitu du Beñat Ordokik (1999). Azaldu digu erreleboaren kontua aitzin eskuak kontrolatzen duela, "aitzineskuak apuntatzen du entseguetara nor agertzen den, itxaron-zerrenda bat bezala dago. Titularren batek uzten duenean hurrengoa sartzen da entsegu gehien dituen dantzaria".

Ezpata-dantzarien entsegua, Lesaka, 2024-06-25. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Egun, bera dabil aitzinesku, "aitzineko aitzineskuak erabakitzen du hurrengoa nor izango den. Nik debuta egin behar nuen urtean erran zidan berak utziko zuela eta ea hurrengo urtean nahi nuen aitzinesku izan, eta dudarik gabe, baietz". Ematen duena baino ardura gehiago dituela dio: "Taldea gidatu behar du, entseguez arduratu, jendeari erakutsi eta egunean bertan ibilbide guztia kontrolatu behar du, baita pausuak ere".

Ezpata-dantzarien entsegua, Lesaka, 2024-06-25. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA
Lehenengo urteak entseatzen

Entseguetan hasten diren batzuk aurrez dantzan arituak dira, baina beste batzuk inoiz ez: "Gu txikitatik aritu gara Tantirumairu dantza taldean eta hor dantzatzen dugu hainbat ekitalditan ezpata-dantza, eta atera izan gara zubira eta gurutzaketak egitera. Eta gero bada jendea egundaino dantzan aritu ez dena, ikusten dute kuadrillakoak hasten direla eta horiek zerotik hasten dira; baina lesakarra denak gutxi gorabehera dantzak badakizki nola diren", azaldu digu Ordokik.

Martin Etxegarai eta Beñat Ordoki, Lesaka, 2024-06-25. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Kapitainak hartzen omen du irakaslearen papera gehienbat, baina normalean dakitenek hasiberriei irakasten dietela dio Pablo Ramosek (1999): iristen direnean hasten dira posible duten moduan erritmoa segitzen. Hilabete bateko entseguak izaten dira, orduan, ez da denbora handirik beharko luketen erritmo suabean erakusteko, beraz, beraiek sartu behar izaten dute erritmora".

Ezpata-dantzarien entsegua, Lesaka, 2024-06-25. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

20 bat urterekin hasi ohi dira entseguetan. Umetatik ikusi izan dituzte ezpata-dantzariak, asko etxekoak, eta herriko lagunekin batera ezpata-dantzari izateko ilusioa eta nahia lesakar askorena da. Inoiz dantzatu ez duenarentzat ere ez dela arrotza diote, txikitatik jaso dutela diote, musika ezaguna zaie eta askori pausuak automatiko ateratzen zaizkie.

Ezpata-dantzarien entsegua, Lesaka, 2024-06-25. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

"Aurreko urtean ere bagenuen burutan hasteko ideia, baina ez zen atera, ez ginen ausartu, aurten bai", dio barre txikiarekin Uxue Mesak (2001). "Hasi ginen solastatzen etortzeko entseatzera, abisatu zigun lagun batek hasi zirela eta animatu ginen, gehitu du Iratxe Muxikak (2002).

Uxue Mesa eta Iratxe Muxika, Lesaka, 2024-06-25. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Mesak dantzak barneratzen ari dela kontatu digu, "Oinarrizko pauso batzuk bagenekizkien, baina makil-gurutzeak egiten ez genuen ideiarik ere. Oraindik hori ari zaigu kostatzen, baina horretan ari gara". Biak txistulariak dira, baita dantzariak ere; 12 urte daramatzate sanferminetan txistua jotzen eta ezagunak zitzaizkien entseguak, baina ezpata-dantza ez dute inoiz dantzatu. "Gu neskak izanda ez digute inoiz irakatsi, orain hasi dira neskei irakasten. Guk kanpotik ikusi dugula, ezagutzen genituen pasuak, baina ez genekizkien behar bezala, gurutzeak batez ere", azaldu digu Muxikak.

Ezpata-dantzarien entseguan txistulariak, Lesaka, 2024-06-25. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA
Ezpata-dantzari lehen aldiz

Lehenengo urtean dantzatu zuen lehenengo aldiz Joel Gilek (1999), baina berez ez zitzaion tokatzen: "Pablok suerte txarra izan zuen eta lesionatu egin zen San Joan bezperan dantzan. Pixka bat esperoan egon nintzen ea errekuperatzen zen eta deus ere ez. Orduan presaka arropa lortu eta ni atera nintzen bere partez". Pablo Ramosek dio patxadaz bizi izan zuela lesioa, "ezin duzu ezer egin. Orkatila bihurrituta nuen, pentsatzen nuen mina pasako zitzaidala, baina ez zen errekuperatu eta oraindik ere sumatzen dut. Aurten, printzipioz aterako naiz. Eta bueno, lagun batek hartzea nire tokia ere ongi dago".

Joel Gil eta Pablo Ramos, Lesaka, 2024-06-25. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Gili aurten lehen aldiz irtengo den lagunarentzako gomendioa eskatu diogu: "Lasai ederrean hartzea, beste egun bat bezala. Egun berezia da, baina bera dantzaria da, bizi guztian egin du dantza, ni baino gehiago, gainera, beraz, gomendio gutxi. Badakigu ondo pasako dugula. Lasai egotea eta gozatzea".

Ezpata-dantzarien entsegua, Lesaka, 2024-06-25. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA
Listan zain

Hasieran aipatu bezala, entseatzen hasi eta ezpata-dantzarien listan sartzen dira, entseguetan parte hartzen dute titularren batek lekua utzi zain. Ordoki aitzineskuari luze egin zitzaion itxaronaldia: "Antzera hasi ginen entseatzen, baina Martin atera zen ni baino urte bat lehenago eta justu ni atera behar nintzen urtean izan zen pandemia, orduan, bi urtean izan ginen esperoan". Aurreko urtean kuadrilla dezentea hasi zela dio Etxegaraik: "Beraz, guk ere urte gutxiren buruan utzi beharko dugu. Ez badugu uzten, botako gaituzte! Kar, kar, kar!".

Ezpata-dantzarien entsegua, Lesaka, 2024-06-25. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Eta Mesa eta Muxika izango dira libre uzten dituzten lekuak beteko dituztenak laster, baina lasai daude. "Ikusten dut oraindik behar dugula denbora pixka bat behar bezala ikasteko, baina egia da ez duzula inoiz jakiten zenbat urte esperatu behar duzun", dio Mesak. Muxikak esan digu ez duela presarik: "Etorri, disfrutatu, ikasi... nahi dut gozatu eta horretarako entseatu behar badut hiru urtez entseatuko dut, ez dut presarik".

Ezpata-dantzarien entsegua, Lesaka, 2024-06-25. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Gainera, dantzara atera gabe ere badute zeregina San Fermin egunean, "ezpata-dantzari ez bada ere txistulari aterako gara, bizitzen dugu barrenetik, beste modu batean, baina barrenetik".