argia.eus
INPRIMATU
Lesakako Laminaciones enpresan amiantoagatik hil zen langile baten familiari kalte-ordaina emango diote
  • Lesakako Laminaciones enpresan amiantoarekin jardun zuen langile baten familiari kalte-ordaina ordaindu dio enpresaren ondorengoetako batek. Horrelako zerbait lortu duen lehenbiziko kasua da Nafarroako lantegi horretan.

ARGIA @argia 2020ko irailaren 30
LAB sindikatuak elkarretaratzea egin zuen asteartean Iruñeko Justizia Jauregiaren atarian, Lesakako lantegian izandako beste kasuak argitzeko eskatuz (argazkia: LAB).

Lesakako Laminaciones enpresako –gaur egun ArcelorMittal– langile ohi bat hil zen 2016an amiantoarekiko esposizioak eragindako pleurako mesotelioma baten ondorioz. Laminaciones enpresaren ondorengoetako bat, Cofivacasa, akordio batera iritsi da familiarekin, eta horren bidez, kalte-ordainak eman dizkie hildako langilearen alargunari (133.000 euro) eta alabari (27.000 euro), asbestoak bakarrik eragiten duen minbiziagatik –mineral horren erabilera 2002tik debekatuta dago–.

LAB sindikatua aritu da familiari aholkularitza eskaintzen Zuzenki bulegoarekin batera, eta ArcelorMittali eskatu dio zehaztu ditzala Lesakako lantegian zein lekutan dagoen amiantoa, hura kentzeko. "Egin dezala mineral horren eraginpean neurri handiagoan edo txikiagoan egon diren langileen zerrenda, aktiboak zein erretiratuak izan, eta ezar dezala osasunaren prebentzio- eta zaintza-plan bat".