argia.eus
INPRIMATU
Lesakako Arcelor Mittal-eko langile bat hil da COVID-19aren ondorioz
  • Lesakako Arcelor Mittal-eko 58 urteko langile bat hil da, LAB eta ELA sindikatuek jakinarazi dutenez. LABek uste du heriotz hau saihestu zitekeela enpresan segurtasun neurriak hartu izan balira. ELA, bere aldetik, Nafarroako Gobernuaren jarrera salatu du.

Ahotsa.info @ahotsainfo 2020ko apirilaren 12a

Sindikatuek babesa eta doluminak helarazi dizkiete senide eta lagunei "une gogor hauetan". Langile horrek, Lesakako Arcelor Mittal-eko lantokiko kide izan arren, margolari gisa egiten zuen lan Arcelor Mittalek Lesakatik gertu duen Legasako lantegian.

"Heriotza hori saihestu zitekeen. LABek enpresari ohartarazi zion segurtasun-neurriak hartu behar zirela, are gehiago martxoaren 13an sintomak bazituen lehendabiziko langilea etxera bidali zutenean, baina ez zitzaigun jaramonik egin, eta horregatik LABek salaketa bat jarri zuen Lan Ikuskaritzan martxoaren 17an segurtasun-neurri handiagoak eskatzeko", esan du sindikatuak.

Enpresak berak emandako datuen arabera, gutxienez 13 langile daude baja-egoeran COVID-19rengatik, eta beste batzuk berrogeialdian daude. Multinazionalak dituen beste lantegi batzuetan kutsatutako langile gehiago daudela azpimarratu du sindikatuak.

"Heriotza hau astindu izugarria da, egungo egoeraren larritasunaren berri ematen baitigu, eta segurtasun neurriak zorroztu eta funtsezkoa ez den jarduera oro geldiaraztera behartzen gaitu. LABek Lan Ikuskaritzari exijitzen dio hildakoaren lantokira joan, gertatutakoa ikertu eta jarduera oro geldiarazteko, lan baldintza seguruak egon arte. Era berean, langileen osasuna onura ekonomikoaren gainetik lehenesteko eta jarduera oro geldiarazteko eskatzen diogu multinazionalari, langileen ordezkariekin adostutako segurtasun-protokolo eraginkor bat eduki arte. Ez dugu fabrikara onik sartu eta hilkutxa batean irten nahi", esan du LABek.

LABek dei egiten die langileei heriotza hau salatzeko deituko diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzera.

ELAk Nafarroako Gobernuaren jarrera salatu du

Nafarroako Gobernuaren lehentasuna "kosta ahala kosta" jarduera ekonomikoari eustea izan dela salatu du ELAk, baita funtsezkoa ez dena ere.

Horri dagokionez, ELAk berriro adierazten dio Gobernuari NOPLOI eta Lan-Ikuskaritzaren bitartekoak "handitu behar dituela patronala behartzeko lantokietan COVID-19ren aurkako neurriak ezartzen direla ziurtatzera", eta ohartarazten du "oso zorrotza" izango dela neurri horiek betetzeko eskatzerako orduan, "langileen osasuna babesteko beharrezkoa den jarduera oro geldiarazteko eskatuz".