argia.eus
INPRIMATU
Les Carolines, lehen trans manifestazioa?
  • Bartzelona, 1931. Matxinadek, anarkisten bonbek eta poliziaren erantzunek gaiztotutako giroan, Karolinen matxinada piztu zen Raval auzoan.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2020ko martxoaren 23a
LGTB eskubideen aldeko Espainiako Estatuko lehen manifestazioa, Bartzelonako Ramblan, 1977ko uztailaren 26an. 46 urte lehenago Karolinak kalera irten ziren Ramblan bertan, baina manifestazio horren argazkirik ez dago. (Arg.: Colita)

Les Carolines edo Karolinak esaten zieten Cal Sacristá eta antzeko lokaletan edo vespacianes izeneko komun publikotan prostituzioan aritzen ziren gazte trabestiei. Giro iskanbilatsu hark ez zien lan egiten uzten, eta, liskarretan komun publikoetako bat suntsitu zutenean, Karolinak lehertu egin ziren. Ez dakigu protesta zein egunetan izan zen, urtea horretan izan zenik ere ezin da ziurtzat jo, argazkirik ez dago eta garaiko prentsak ere ez zuen aipamenik egin.

Jean Genet (1910-1986) paristar idazleak Journal du voleur (1949) lan autobiografikoan jaso zuen pasarte bat da Karolinen manifestazioaren iturri bakanetakoa eta xehetasun gehien ematen duena. Garai hartan Jean Genet bera prostituzioan edo lapurretan aritzen zen Ravalen eta protestaren lekuko izan zen:

Martxoaren 31 honetan Trans Ikusgarritasunaren Nazioarteko Eguna kalean aldarrikatzeko aukerarik ez da izango, baina beti dago aukera duela ia 90 urte kaleak hartu zituzten haiek ikusgarri egiteko.

“Portutik eta kuarteletik gertu zegoen, milaka soldaduren pixa epelak metalezko txapa janda. Behin betiko galdua zela jakitean, xalak, mantelinak, zetazko soinekoak eta jakatxo estuak jantzita, bertara joan ziren Karolinak (…). Segizioa Paralelotik abiatu zen, eta San Pablo kalea hartuta, Ramblan behera egin zuen, Colónen estatuara iritsi arte. Goizeko zortziak ziren. Pasatzen ikusi nituen eta haien atzetik joan nintzen. Banekien hura zela nire lekua: haien ahots zaurituek, aieneek, gehiegizko keinuek, munduaren mespretxu trinkoa zulatu nahi zuten. Karolinak ikaragarriak ziren: Lotsaren Alabak. Portura iritsi zirenean, eskuinera egin zuten, kuartelera bidean, eta komun publikoaren txapa herdoildu eta kirastuaren gainean loreak utzi zituzten”.

Idazleak uneoro genero femeninoa erabili zuen haiei buruz hitz egitean. Baina Karolinak edo haietako batzuk Emakume transgenerotzat jo ditzakegu, garai hartan hitza bera erabiltzen ez zenean? Protestaldian zer aldarrikapen zehatz egin zituzten jakin gabe, Genetek deskribatutakoa lehen trans manifestaziotzat jo daiteke? Besteak beste, Paco Tomás eta César Vallejo espainiar kazetariek (Nosotrxs somos LGBT dokumental sortaren egileek) edo ATC Llibertat Kataluniako Transexualen, Intersexualen eta Transgeneroen Elkarteak baietz uste dute.

Eta bere garaian oihartzunik izan ez zuten haien itzala pixkanaka luzatzen ari da; 2017an Bartzelonako Udalak Carolines programa jarri zuen abian emakume transen eskubideak bermatu eta haien bizi kalitatea hobetzeko, bereziki sexu-langileena. Eta martxoaren 31 honetan Trans Ikusgarritasunaren Nazioarteko Eguna kalean aldarrikatzeko aukerarik ez da izango, baina beti dago aukera duela ia 90 urte kaleak hartu zituzten haiek ikusgarri egiteko.