argia.eus
INPRIMATU
Lerinen D eredua ezartzeari ezetz esan dio Nafarroako Gobernuak, eskari kopurua legez nahikoa izan arren
  • Leringo hainbat gurasok herriko eskola publikoan D lerroa irekitzeko eskatu zuten iaz, baina nahiz eta legeak markatutako gutxiengo eskari kopurua gainditu, gurasoek ez dute aukera hori izango, Nafarroako Gobernuaren iritziz “Leringo eskolak ez duelako espaziorik D eredua ezartzeko”. Hori salatzeko elkarretaratzea deitu dute ostegun honetarako.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko martxoaren 08a

Leringo Blanca de Navarra ikastetxe publikoan D ereduan matrikulatzeko eskaera egin duten familien kopurua legeak eskatzen duen gutxiengoa “soberan” gainditzen duela azpimarratu du Euskalgintzaren Kontseiluak, eta hala ere, aurrematrikulazio epea zabalik den honetan gurasoei ez zaiela eman D eredua hautatzeko aukerarik.

Sare publikoko ikastetxeak biltzen dituen Sortzen Elkarteak jakinarazi duenez, duela aste batzuk Hezkuntza Saileko batzorde batean hartu zuten parte, eta kontatu dutenez, Gil Sevillano Nafarroako Gobernuko Hezkuntza zuzendariak esan zien Lerinen D eredua ezartzeko aukera aztertzen zuen ikuskapen-txostenaren arabera, Leringo eskolak ez duela espaziorik D eredua ezartzeko. “Gobernuak ez ditu familien nahiak entzun, eta Hezkuntza Departamentuak aurkeztutako eskola mapan ez da Lerin ageri”, salatu du Sortzenek.

Hurrengo ikasturtera begira lanean jarri dela gehitu du elkarteak, eta ohartarazi du “arazo honi konponbidea bilatzeko ardura Hezkuntza Departamentuak” duela.

Ostegun honetan, Leringo eskolan D eredua irekitzea eskatzeko elkarretaratzea egingo dute, arratsaldeko 18:00etan herriko udaletxe plazan. Bertan izango dira Leringo familiak eta Behatokiko eta Sortzen elkarteko ordezkariak.

"Gure seme-alaben hizkuntza eta hezkuntza eskubideak urratuak dira Nafarroako lurralde zabalean, gure hezkuntza sistemak ez du aukera berdintasuna bermatzen"

"Hizkuntzaren hautua ez da ahuntzaren gauerdiko eztula"

Aurrematrikulazio epean gaudela-eta, Sortzenek gogoratu nahi izan du oso garrantzitsua dela garai honetan familiek hartu behar duten erabakia, “hizkuntzaren hautua ez delako ahuntzaren gauerdiko eztula. Nafarroa Garaiko herritarrok ez dauzkagu hizkuntza eskubideak bermatuta gure lurralde osoan. Gure seme-alaben hizkuntza eta hezkuntza eskubideak urratuak dira Nafarroako lurralde zabalean. Gure hezkuntza sistemak ez du aukera berdintasuna bermatzen eta adibide ugari jar genitzake”. Sortzenek kritikatu du Euskararen legeak dioena ere ez dela betetzen: “Instituzio publikoen lana da euskara zokoratzea? Hau al da euskararen berreskurapena eta garapena babestea?”.

Argi dute elkarteko kideek: “Orain arte bezala hezkuntza komunitateak eta euskalgintzak elkarlanean jarraitu behar dugu eta herri bultzadaz lortuko dugu euskaraz bizi eta ikasteko eskubideak bermatzea”. Nabarmendu du euskarak aurrera egin dezan D eredua dela aukerarik onena.