argia.eus
INPRIMATU
Leonard Peltier: “Azkenean libre naiz, gaurkoa egun ederra da”
  • 49 urte preso pasa ondoren, libre utzi dute Leonard Peltier AEBetako ekintzaile autoktonoa. Otsailaren 18 honetan heldu da bere senide eta lagunen artera 80 urte dituen preso-ohia.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2025eko otsailaren 20a
Leonard Peltier, azkenean aske, 49 urtez preso egon ondoren. Angel White Eyes

49 urtez preso egon ondoren, otsailaren 19 honetan atera da presondegitik Leonard Peltier AEBetako ekintzaile autoktonoa. Hegazkinez arribatu da Chippewa lehen naziokoen Dortoken Mendien lurretara [AEBetako Ipar Dakota deitu lurralde kolonizatura], senide eta lagunen artera. "Gaur, azkenean libre naiz! Kartzelaratu naute, baina ez didate inoiz nire izpiritua hartu", adierazi du askatasuna berreskuratu bezain laster. "Mila esker mundu mailan lagundu nauzuen eta nire askatasunaren alde borrokatu zareten guztiei. Azkenean etxera noa. Nire lagunak, nire familia eta nire komunitatea berriz ikusteko gogo handia dut. Egun ederra da gaurkoa".

AEBetako jatorrizko herritarren eskubideen alde borrokan dabilen NDN kolektiboak begi onez hartu du kasik mende erdira datorren askapen hori: "Peltierren espetxeratze bidegabeak mundu osoko herri indigenen zapalkuntza irudikatzen zuen bezala, gure botere kolektiboa eta berezkoa dugun askatasuna sinbolizatzen ditu hura askatu izanak". 80 urte dituen Peltierren askatasunaren alde borrokan arituriko guziak eskertu dituzte, baita Joe Biden presidente ohia eta bere estatu-idazkari Deb Haaland ere, kargua utzi aitzin onartu zutelako zigorra arintzea, bizi guziko kartzela zigorra etxetik bete ahal izateko.

AIM Amerikako Indiar Mugimenduko militantea da Peltier, eta 1976ko otsailaren 6an atxilotu zuten, FBI Ikerketa Bulego Federaleko bi agente hiltzea leporatuta. Hilketekilako loturaren frogak eskas bazituzten ere, bizi osorako bi kartzela zigorra ezarri zizkioten.

Errugabea dela errepikatu izan du Peltierrek, bost hamarkadaz. Funtsean, Peltierren errugabetasuna zalantza izpirik gabe frogatzen duten 10.000 folio baino gehiago badira, baina klasifikatuta jarraitzen dute. 1992an presoak aurkezturiko helegite-aukera mahai gainean zegoela, Lynn Crooks fiskala berak aitortu zuen gobernuak ez zekiela nork hil zituen bi agenteak.

Garai berean autoktonoek pairaturiko hilketak, aldiz, ez dira sekula kontuan hartuak izan: bi agenteez gain, jatorrizko herritar bat ere hil zelako 1975eko ekainaren 26ko liskar horietan. "Afera honetan, biktimak gara, ez erasotzaileak", argudiatu izan du Peltierrek ere, ondokoa gehiturik: "Garai hartan AIMrekin lotutako 60 pertsona baino gehiago hil edo desagertu ziren, eta ez da ikerketarik bideratu". Okupazioak zein bestelako ekintzak, Lehen Naziokoen eskubideen aldeko mugimendu erradikala bideratzen zuen AIMk, eta parean, errepresioaren bidez erantzuten zien estatuak.

Peltier presondegitik atera izana txalotu du Amnesty Internationalen AEBetako zuzendari Paul O'Brienek: "Leonard Peltier aske uztea egin beharreko zerbait zen, aintzat hartuta haren kontrako epaiketaren fidagarritasunari buruzko zalantzak, kartzelan pasa dituen 50 urteak, eta haren osasun egoera eta adina". AEBetako preso zaharrena zen.

Txalo eta irri artean egin diote harrera hurbilekoek:

Argazkia: Robert Bordeaux