argia.eus
INPRIMATU
Lenin Morenok irabazi ditu Ekuadorreko presidentetzarako hauteskundeak
  • Gutxigatik gailendu zaio Lenin Moreno hautagai ofizialista Guillermo Lasso eskuindarrari. Bozen %51,15 jaso ditu eta haren aurkariak, berriz, %48,85. Oposizioak ez ditu emaitzak onartu eta iruzurra salatu du.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko apirilaren 03a
Lenin Moreno, garaipena ospatzen (Arg.: AFP)

“Guztientzako” gobernatuko duela ziurtatu du Rafael Correaren ondorengoak. “Nire agintaldian haur desnutrizioa, etxebizitza krisia, muturreko pobrezia eta ustelkeria desagerraraziko ditut”, adierazi du hauteslekuak itxi dituztenean.

Hauteskundeen aurreko egunetan iragarri bezala, oposizioak ez ditu emaitzak onartu eta bere jarraitzaileei dei egin die Hauteskunde Batzorde Nazionalaren (CNE)  egoitzaren aurrean protesta egitera. Nazioarteko ikuskatzaileek, ordea, ez dute irregulartasunik ikusi, ez igandeko hauteskundeetan ezta otsailaren 19ko itzulian ere.

Lenin Moreno PAIS aliantza ofizialistako kideak bozen %50 baino gehiagorekin irabazi zuen hauteskundeen lehen itzulia. Rafael Correak proposatu zuen Moreno bere kargua hartzeko eta 2007an hasitako “herritarren iraultzari” jarraitutasuna emateko.

Ekuadorreko eskuinaren porrotak Hego Amerikako politikaren azkenaldiko norabidea geldiarazi du. Kirchnerismoaren porrotaren, Dilma Rouseffen kargugabetzearen, Venezuelako oposizioaren garaipenaren eta Evo Moralesen laugarren agintaldia onartzeko erreferendumaren ezezkoaren ondoren, neoliberalismoak prozesu progresisten amaiera iragartzen zuen. Ekuadorreko hauteskundeen emaitza, ordea, “kolpe bat izan da neoliberalismoarentzat”, Alejandro Fierro Latinoamerikako Geopolitikako Zentroko ikertzailearen ustez. Ezkerraren garaipenaren arrazoiak hala azaldu ditu: “Azken hamarkadako balantzea erabakigarria izan da, herrialdeak aurrera egin duela ikusi dute herritarrek, hobe bizi direla”.