argia.eus
INPRIMATU
Lenin Moreno Correaren ordezkaria garaile Ekuadorreko hauteskundeetan
  • Lenin Morenok irabazi ditu Ekuadorreko presidentetza hauteskundeak, behin behineko kontaketaren arabera. Hauteskunde Kontseilu Nazionalak bozen %87,2 kontatu ditu, eta horien arabera, Alianza PAISen hautagaiak bozen %39,09 jaso ditu. Hurrengo hautagaiari hamar puntuko tartea atera dio.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko otsailaren 20a
Lenin Moreno Alianza PAISen hautagaia. (Arg.: Telesur)

Rafael Correa egungo presidentearen ordezkaria da Moreno. Correak berriz aurkeztu ahal izateko lege aldaketa egiteko saiakerari uko egin zion, beraz Moreno da azken urteetan Ekuadorren hainbat eraldaketa ekarri dituen Iraultza Hiritarra jarraitzeko hautagaia. Ondorengo hautagaiek urrunetik jarraitzen dute Moreno. Guillermo Lasso eskuindarrak bozen %28,28 lortu ditu; Cynthia Viteri kontserbadoreak %16,36, eta Pablo Moncayo hautagai ezkertiarrak, berriz, bozen %6,76.

Hauteskunde kanpaina guztian zehar egindako inkestek Morenori eman diote garaipena, baita hautestontzietan egindakoek ere, beraz inor gutxik espero zuen beste hautagairen baten garaipena. Hala ere, bigarren itzulia saihestea da Morenoren itxaropena. Itzuli horretan, eta lehiakideen balizko batura batekin, lehia gogorragoa egon daiteke eta. Hori saihesteko, hurrengo hautagaiari hamar puntuko aldea atera behar dio, eta bozen %40 baino gehiago lortu behar du. Momentuz, lehenengo baldintza bete du, ez ordea bigarrena.

Hauteskunde Kontseilu Nazionalak azaldu du hauteskunde eguna eragozpenik gabe igaro dela. 12 milioi pertsona baino gehiago zeuden hauteskundeetara deituta. Presidentea, presidente-ordea, Asanblea Nazionaleko 137 diputatu, eta Andeetako Parlamentuko bost diputatu hautatu dituzte. Horrez gain, kargu publikoetan dagoen jendeak paradisu fiskaletan jabetzak edukitzea debekatzeko kontsulta bozkatu dute.