argia.eus
INPRIMATU
Lendakaris Muertosek bere gitarristetako bat baztertu du, sexu-erasoagatik ikertzen ari direlako
  • Taldeak berak adierazi du Instagram bidezko ohar batean astelehenean izan dutela Ivan Carmonaren aurkako akusazioaren berri. Neska gazte bat taberna batean ukitzeagatik da salaketa, eta taldeak “sexu-eraso arintzat” jo du.

Julene Flamarique 2024ko azaroaren 06a
Lendakaris Muertos taldea. Ezkerretik hasita bigarrena da Ivan Carmona

Lendakaris Muertos punk talde nafarrak jakinarazi duenez, Ivan Carmona gitarristak taldeko kide izateari utziko dio leporatu dioten sexu eraso bat ikertzen ari diren bitartean.

Taldeak bere sare sozialetan azaldu duenez, Carmonak ez du bandan jarraituko "prozesua amaitu eta gertatutakoa argitu arte”. 2023. urtean taberna batean neska gazte bat ukitzeagatik jarritako salaketa bat da, eta Iruñeko Instrukzioko 1 zenbakiko Epaitegia ikertzen ari da.

Sare sozialetan zabaldutako oharrean, Lendakaris Muertoseko kideek diote astelehenean izan dutela Carmonaren kontrako akusazioaren berri. “Sexu eraso arina” izan dela adierazi dute, eta ziurtatu dutenez "gaurtik aurrera" ez da taldeko kide izango “egintzak argitu arte”. Adierazpenaren arabera, erabakia "aho batez" hartu dute, eta taldekideen "abusuzko portaerarik" onartzen ez dutela azpimarratu. Astearte gauean taldeak oharra ezabatu du bere Instagram kontutik, inolako azalpenik eman gabe.

Komunikatuak erantzun anitz sortu ditu taldearen jarraitzaileen artean. Horien artean askok taldea kritikatu dute mezuan “eraso arina” izan dela ipintzeagatik.

Lendakaris Muertos Iruñean jaio zen 2004. urtean eta punk doinuen bidez umorea eta kritika soziala nahastea da bere zerizana. Zuzenean grabatutako disko bi dituzte eta beste zazpi estudioan egindakoak. Ivan Carmona 2022an sartu zen taldean, Iruñeko The Guilty Brigade taldeko kide izan ostean.