argia.eus
INPRIMATU
Lemoizko zentralean sartu eta “trantsizio ekologiko justua” aldarrikatu du Sortuk
  • Militante batzuk zentral nuklearrera sartu dira, eta bi pankarta zintzilikatu dituzte: greenwashig-aren aurkakoa eta energiaren “trantsizio ekologiko justua”ren aldekoa. Sortuk neoliberalismoari egotzi dizkio egungo krisiak, eta premiazkotzat jo du “180 graduko norabide aldaketa”.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 24a
"Norabide aldaketa erradikala" aldarrikatu du Sortuk Lemoizen. / Argazkia: Sortu.

Urriaren 24a klima-larrialdiaren aurkako eguna dela baliatuta, bezperan Lemoizko zentral nuklearraren eraikinean sartu dira Sortuko zenbait militante, “trantsizio ekologiko justua” aldarrikatzeko. Bi pankarta erraldoi jarri dituzte, kanpotik ikusgai. “Lemoizek karga sinboliko handia dauka, duela mende erdi energiaren oligopolioak nuklearraren aldeko apustua egin zuelako eta herri-borrokak egitasmo hori galarazi ziolako”, azaldu dute ohar batean, ekintzaren tokia arrazoitzeko.

Igandeko ekintza aldarrikapenerako erabili du Sortuk. Besteak beste, ohartarazi dute egun bizi ditugun krisi ugariak ez direla “kasualitatez” gertatu, eta sistema kapitalistari egotzi diote gerraren, harrapakeriaren, esplotazioaren, aldaketa klimatikoaren eta pobreziaren eragile izatea. Politika neoliberalak aplikatu dituztenei egotzi die errua: “Erantzuleak dira IBEX-35 eta arma-industria, putre-funtsak eta bankuak, Iberdrola, Petronor eta elite ekonomiko eta finantziaroak”, Sorturen esanetan.

Krisiei aurre egiteko ezinbestekotzat jo dute “esku-hartzea”, energia-merkatuan nahiz higiezinen merkatuan. “180 graduko norabide aldaketa bat” aldarrikatu dute: “Premiazkoa da soldatak eta pentsioak igotzea, aberastasuna banatzea, zerbitzu publikoak sendotzea eta zaintza sistema publiko-komunitario bat eraikitzea”.

Lemoizko borroka adibidetzat jarri dute, eta herritarrei gogorarazi diete posible dela “gauzak aldatzea”. Orain ere antolatzera dei egin dute, eta azaroaren 12an Bilbora joanda “aldaketaren aldeko olatua” altxatzeko eskatu dute. EH Bilduk antolatu du manifestazioa, hain zuzen, eta gerra amaitzea, aberastasuna banatzea eta burujabetza eskatuko dute, besteren artean.