argia.eus
INPRIMATU
Lemoizko zentralaren lursailean memoria-parke bat sortzeko eskatu du Eguzkik
  • EAJk eta PPk Espainiako Estatuaren Aurrekontuak aurrera ateratzeko egin duten akordioan Lemoizko zentralaren etorkizunari buruzko puntu bat adostu dute. Dirudienez, "berehala" Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko da. Lursaila lehengoratzea eta erabilera publikokoa izatea proposatu du Eguzki talde ekologistak. Erabakia ahalik eta adostasun zabalenarekin hartzeko eskatu du.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko maiatzaren 24a
Lemoizko zentral nuklearra (Arg.: Jose A. Solis)

Eguzki talde ekologistak azaldu duenez, zentrala balio natural handiko paraje batean eraiki zuten, itsasoaren eta lehorraren artean. Horregatik, kala lehengoratzea eta erabilera publikokoa izatea ezinbestekotzat jo dute. “Historiarekin bat datorren erabilera” emateko eskatu eta memoria-parke bat sortzea proposatu dute, instalazioen aurrekariak ez ahazteko.

Lemoizko instalazioak herritarrek ordaindu zituztela gogorarazi dute. 1948ko luzamendu nuklearraren ondorioz itxi zuten zentrala, eta orduan, Espainiako Estatuak hiru konpainia elektrikori 2.300 milioi euroko kalte ordaina ematea erabaki zuen, zentralean diru hori inbertitu zutela argudiatuta. Konpainietarako dirua herritarrek, argindarraren ordain-agirien bitartez, ordaindu zutela salatu du Eguzkik. “Jaurlaritzak orain instalazio horiek bere egiten baditu, gaizki egingo luke aurrekariak kontuan hartuko ez balituzke”, adierazi dute.

Lemoizko zentral nuklearra Lemoizen 1970eko hamarkadan Iberduerok eraiki zuen zentral nuklearra da. Proiektu nuklear handiago baten parte zen, eta horren arabera, Lemoizko zentralaren ondoren Ispasterkoa eta Debakoa ere eraikiko ziren. Zentralean eraikitzekoak ziren PWR motako 930 MWeko bi erreaktoreetatik lehenengoa guztiz eraiki zen, baina ez zen inoiz martxan jarri, eta bigarrena ia bukatu zen. Zentralen aurka sorturiko mugimenduak Euskal Herriko historiaren zati garrantzitsua markatu zuen.