argia.eus
INPRIMATU
Lemoizko zentralaren lurrak, Jaurlaritzaren esku “aste gutxi barru”
  • 2015. urtera arte 2,2 milioi euroko luzamendua ordaindu zen Bizkaiko zentral nuklearra ixteagatik. Espainiako Estatua da egun lur horien jabe, baina “aste gutxi barru” Eusko Jaurlaritzari emango zaizkiola agindu du.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko abenduaren 13a

2015ean ordaindu ziren luzamenduaren azken gastuak, eta orduz geroztik Espainiako Estatuaren menpe geratu dira lur horiek. 1996. urtetik 2015era arte ordaintzen joan den gastu bat da, PSOEren gobernuak hartutako erabakiaren ondorio. Asteazkenean Espainiako Kongresuan ogasun ministro María Jesús Monterok jakinarazi du Jaurlaritzari emango dizkiola lur horiek.

1970eko hamarkadan ekin zitzaion zentrala eraikitzeari, jendartean baina, oposizio handia aurkitu zuen euskal kostalde nuklearra sortzeko proiektu hark. Hala, zentralaren jabe eta sustatzaile zen Iberduerok –gaur egungo Iberdrolak– obrak gelditu zituen eta Felipe Gonzalezen gobernuak proiektu nuklearren luzamendua agindu zuen 1983an. Espainiar Estatuko zazpi zentral nuklearren geldiunea ekarri zuen horrek; tartean, Lemoizkoa. “Erreskate” moduko bat jarri zen abian, proiektuaren jabeei kalte-ordainak ordaintzeko. Herritarron argindarraren faktura bakoitzari gehitzen zitzaion tasa finkoa, eta orotara, 6 milioi inguru bildu ziren.

Zentral nuklearra ez zen inoiz martxan jarri, konpainiak bukatu gabe utzi baitzuen. Hortaz, legearen barruan konpainia elektrikoak ezin zituen kalte-ordain handiak eskuratu, baina Felipe Gonzalezen gobernuak harturiko erabakiaren ondorioz Espainiako Estatuak ordainketa luzatu zion: Iberdrolari 2,2 milioi ordaindu zaizkio 1996tik 2015era arte. Ia hogei urtez herritar orok ordaindu duen gastua izan da.

Iberdrolak Espainiako Gobernuari utzi zizkion Basordako kalako lurretako emakida eskubideak eta modu horretan ingurunea berreskuratzeko kostuak saihestu zituen. Orain Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari utziko dio lur horren titulartasuna.