argia.eus
INPRIMATU
“Lemoizko itsaslabarrak naturagune babestua, orain da garaia” proposamena aurkeztuko du Etzandarri taldeak Eusko Legebiltzarrean
Hiruka .eus Iker Rincon Moreno 2020ko abenduaren 17a
Etzandarri taldeak proposatutako ibilbide-sarea.

Asteartean, abenduaren 15ean, EH Bilduk gonbidatuta, "Lemoizko itsaslabarrak naturagune babestua, orain da garaia" proposamena aurkeztuko zuen Etzandarri euskal mendi-taldeak Eusko Legebiltzarrean, Jasangarritasun, Ingurumen eta Ingurune Naturalaren Batzordean, hain zuzen ere. Iosu Alberdi taldeko kideak azaldu duenez, proposamen horrek ingurune horretan ibilbide-sare bat egitea aurreikusten du, baita natura-gune hori babestu ere. Izan ere, dioenez, Lemoizko zentral nuklearraren lur-eremua da babestu gura dutena, eta bertan kokatu gura dituzte ibilbideotarako harrera-guneak, atseden-lekuak eta aparkalekuak, "abandonatuta dauden azpiegitura horiek aprobetxatuta", hain zuzen ere.

Dena dela, azpimarratu duenez, proiektuak Lemoizko itsasertz osoa hartzen du, Etzandarri mendiko puntatik Usategira arte; baita zentral nuklearreko lur-eremu guztia ere, Urbieta urtegia eta Martzaga auzoa barne. Naturagune horrek dituen balio ikaragarriak konbentziturik, proposamena landu eta daborduko hainbat erakunde eta alderdi politikoei helarazi diete, hala nola Lemoizko Udala, Lemoizko EAJ eta EH Bildu taldeak; PSE, Elkarrekin Podemos, EAJ eta EH Bildu alderdiak, Bizkaiko Ahaldun Nagusia laguntzeko Unitatea, Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila, Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza zuzendaritza, Jata-Ondo garapenerako agentzia, Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumenaren Saila, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai politikako sailburuordetza, Arrantza eta Akuikultura zuzendaritza, eta Landa eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendaritza.

Urte berriagaz batera, COVID-19ari aurre egiteko osasun-neurriak malgutzen direnean, proposamena zuzen-zuzenean ezagutarazteko ibilbideak egingo dituztela iragarri dute Etzandarri taldekoek.