argia.eus
INPRIMATU
Lemoiz gelditu!
  • Jose Luis Zumetak, Vicente Ameztoyk eta Carlos Zabalak duela berrogei urte nuklearren aurkako jardunaldi batzuetarako margotu zuten Lemoiz Gelditu horma-irudia erakutsiko da Bilboko Arte Ederren Museoan. Autokritikarik egin gabe, EAJko sailburu batek aurkeztu du.

Juan Mari Arregi 2020ko azaroaren 12a
Lemoiz gelditu horma-irudiaren donazioaren aurkezpena Bilboko Arte Ederren Museoan (arg.: Irekia)

Museo batean dago azkenean ikusgai horma-irudia, kontserbatzeko urte luzetako ahaleginaren ostean. Museo horretako patronatuko kide Iberdrola da, euskal kostaldean urte haietan hainbat zentral eraikitzeko erasoaldi nuklearraren arduradun nagusia. Hildako ugari eragin zituen nuklearren kontrako borroka zabalaren ondoren –tartean langileak, zuzendari bat eta ETAko militanteak–, proiektu horiek ez zuten aurrera egin.

Borroka hura ezagutu ez zuten gazteek horren berri izan beharko lukete. Jakin dezatela, EAJk Lemoizen alde egindako eraso politikoa gora-behera, herritarrek zentrala geldiaraztea lortu zutela. Xabier Arzalluz, EAJko buruzagiaren esaldia ezaguna da: "Lemoiz ixten bada, azak jango ditugu eta kandelekin argituko gara". Berrogei urte geroago, ez azarik, ez kandelarik, ezta zentral nuklearrik ere.

Jakin dezatela denek, Lemoiz geldiaraztea lortu genuen arren, Iberdrolari bidegabeki ordaindu behar izan diogula gure argi-fakturarekin 25 urtez 2.273 milioi euro baino gehiago. Batzuen konplizitate politikoarekin ezarri diguten zigorra izan da.

Gure herriaren eskubideen aldeko borrokak eta grebak ez dira errazak, baina bai eraginkorrak, baldin eta helburuak lortzen irmo saiatzen bagara. Lemoizena eredugarria izan zen. Gaur egun, belaunaldi berriek sistema kapitalista oso bat dute aurrean, herriak beren burua autodeterminatzera eragozten duena: indibidualismoa, indarkeria, langabezia, gizarte-bazterketa, pobrezia, desberdintasuna, prekarietatea, migrazioa, matxismoa, ustelkeria…. Horiek guztiak gaurko gure "Lemoiz" dira.