Euskal Herritik oso gertu dagoen Garoñako zentral nuklearraren egungo egoerak Lemoiz ixtearen alde izan ziren mobilizazio urteetara garamatzate. Helburu hura azkenean lortu zen. Basordako kalan jarraitzen du zementuzko munstroak deseraiki gabe, eta erokeria nuklear hura egin nahi izan zen erantzukizun faltaren eta ilegaltasunaren testigu isila da orain.
Garoñakoa 1971n jarri zen martxan eta 2011n bete zituen 40 urte. Orain PPren gobernuaren erabakiaren zain dago, bere bizitza gutxienez 2031 arte luzatzeko. Espainiako Parlamentuan oposizioko alderdiak berrirekieraren aurka azaldu dira. Eusko Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarrak, batzar nagusiek eta euskal jendarteak oro har, asmo horren kontrako iritzia erakutsi du. Eta gobernu demokratiko batek herritarren borondatea bere egin beharko luke. Baina esperientziak esaten digu gobernu askok –orain espainiarrak bezala– ez duela hori errespetatzen.
Garoñak sortzen duen mehatxu nuklearraren aurrean, nahitaezkoa litzateke, adostasun antinuklear zabala daukagun Euskal Herrian, mobilizazio handi bat josten hastea. Gobernuak, Parlamentuak eta euskal erakundeek esaten badute Garoña berriz irekitzearen aurka daudela, jar daitezela manifestazio horren buruan. Duela jadanik urte mordo bat lortu genuen mobilizazioekin Lemoiz erabat gelditzea, orain gauza bera lortu dezakegu Garoñarekin, ez baita Burgoseko kontu bat, Euskal Herriari ere bete-betean eragiten dio. Espainiako Estatuko –Frantziakoak ere hor ditugu, ez ahaztu– beste herrialdeetako antinuklearrekiko elkartasun ikur ere izan daiteke, Garoña gelditzea aurrekari on bat izan baitaiteke Almaraz, Ascó Cofrentes, Vandellos II eta Trilloko zentralak ixteko.