argia.eus
INPRIMATU
Lemoako Udalak ez du Lemoatx mendiko gurutze frankista berriz altxatuko
  • Astelehenean eraitsi zuen Ernai gazte antolakundeak Lemoatx tontorreko gurutze frankista. Udalak adierazi duenez ez dute berriro altxatuko, Memoria Historikoaren Legea urratzen zuenez haren eraistea aurreikusita baitzegoen.

ARGIA @argia 2021eko urriaren 13a
Irudia: @ernaigazte-k zabaldutako bideotik hartua

Hispanitatearen egunaren bezperan egin zuen ekintza Ernaik. Lemoako (Bizkaia) Lemoatx mendian 1937an altxatutako ikur frankista behera bota zuten hainbat lagunek. Gazte antolakundeak ohar batean adierazi zuen monumentuok "frankismoaren sinbolo izatetik harago, frankismoak 78ko erregimenean biziraun duenaren erakusle" direla.

Naiz.eus atariak jaso duenez, Lemoako Udalak ez du gurutze frankista berriro jarriko. Izan ere, udal gobernuak gogorarazi du lehenagotik ere aurreikusita zegoela monumentuaren eraisketa, haren lekuan memoria historikoaren inguruko proiektu bat garatzeko. Ikur frankista Memoria Historikoaren Legearen aurkakoa dela gaineratu du Udalak, eta ez dutela ez berriz altxatuko ez eta konponduko ere.