argia.eus
INPRIMATU
Lekukoen arabera poliziaren furgoiak harrapatu zuen Iruñean ospitalean dagoen neska gaztea
  • Neska gazteak Nafarroako Ospitalean jarraitzen du ostiralean izandako zaurien ondorioz, eta haren familiak jakinarazi du Espainiako Poliziaren aurkako salaketa jarriko duela. Lekukoen arabera, poliziaren furgoi batek harrapatu zuen.

Xabier Letona Biteri @xletona 2020ko otsailaren 24a
Argazkia: Euskalerria irratia

Gertaerak ostiral gauen izan ziren, Iruñeko Alde Zaharrean karnabalak ospatzen ari zirela. Lekukoen arabera, 21:00ak aldera Espainiako Poliziaren bi furgoi eta auto bat abiadura handiz heldu ziren Iruñeko Kale Berritik. San Frantzisko Plazara iritsi eta ezkerretara egin zuten plaza eskolaren atariaren aurretik zeharkatuz, gero berriz ezkerrera jo, San Frantzisko kalea hartu eta abiadura handian Kale Nagusirantz zuzenduz.

 

Kale horretan egin zuen topo Alde Zaharreko inauterietako desfilearekin. Jende ugari hasi zen korrika beldurtuta, horietako bat poliziaren furgoi batek harrapatutako 14 urteko neska gaztea. Inguruan ziren lekuko ugarien arabera, furgoiak harrapatu egin zuen eta neska lurretik altxa eta furgoira sartu zuten molde txarrez. Lekukoek eskatu zieten ez lurretik altxatzeko eta anbulantziari dei egiteko, halako istripu baten ondorioz zauritua ez dela mugitu behar argudiatuz, baina poliziek ez zieten kasurik egin eta General Chinchilla kaleko komisariara eraman zuten.

 

Gauez, gazte ugari hurbildu ziren polizi-etxearen aurrera izandako jarreragatik kontu eske eta polizia eta herritarren arteko istiluak izan ziren Alde Zaharreko kaleetan. Hurrengo egunean, halaber, Alde Zaharreko Jai Batzordeak deituta, bilkura izan zen Iruñeko Udaletxe Plazan Espainiako Poliziaren partehartzea salatzeko eta gaztearen familiari elkartasuna adierazteko.

 

Apustu etxe baten aurkako erasoa

 

Poliziaren bertsioan –Diario de Navarra-k argitaratutakoaren arabera–, arratsalde horretan dei bat jaso zuten Estafeta kaleko RETAbet joko aretotik, mozorrotutako jendea bertara sartu zela eta lokalari eraso egin ziotela salatuz. Polizia mozorrotutako horiek identifikatzera sartu omen zen kalejirara eta ukatu egin du neska harrapatu zuenik. Haien esanetan, lurrean zegoen eta altxatu egin zuten, komisariara eraman eta handik anbulantzia deitu zuten, ospitalean arta zezaten.

 

Neska gazteak ospitalean jarraitzen du mokorreko fisura batekin. Alde Zaharreko Jai Batzordeak poliziaren jarrera salatu du, abiadura horretan parte hartzean jende asko jarri zutelako arriskuan. EH Bilduk ere iragarri du Espainiako Kongresuan azalpenak eskatuko dizkiola Espainiako Barne ministroari.