argia.eus
INPRIMATU
Lekuan lekuko janariari lehentasuna ematea eskatu du Euskal Herriko Laborantza Ganbarak
  • Koronabirusaren hedatzearen kontra hartutako neurriak direla-eta, eskola eta ostatuekin lan egiten duten laborantzako ekoizle txikiek salbideen parte handi bat galdu dute. Horregatik, soberan dagoen janari hori guztia "publiko zabalari" emateko proposamena egingo du aurki Eskal Herriko Laborantza Ganbarak. Herrietako merkatuak zabalik mantentzeko ere eskatu du.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 19a

Euskal Herriko Laborantza Ganbarak oharra kaleratu du sektorearen egoera zein den azaltzeko koronabirusaren krisia dela-eta.  Elkartearen bulegoak itxita daude, baina azaldu dutenez, lanean segitzen dute eta lan-taldea mobilizaturik dago.

Beren ustez, “behar beharrezkoa” da herritarek segurtasuna edukitzea janaria edukiko dutela, eta horretarako Ipar euskal Herrian kalitatezko produktuak ekoizten dituzten laborarien “inportantzia” nabarmendu du. “Krisi honetaz baliatu behar dugu funtsean herritarrek lekuko laborantzarekin duten lotura berrikusteko eta lekuan lekukoa jateko urratsa azkarki garatzeko”.

Egoera ez da erraza ekoizle txiki ugarirentzat, ostatu eta eskola jantokietako eskaerak bertan behera geratu baitira, baina “ber denboran, herritar batzuk ekoizle saltegien eta lekuko laborantzaren hautua egin dute”. Epe laburrean galdu daitekeen janari fresko asko dute ekoizleek esku artean, eta Laborantza Ganbaran lanean ari dira produkzio hori “publiko zabalari” emateko; aurki proposamen bat egingo dute.

Bestalde, oraingoz merkatuen bidea itxita dagoenez, hainbat ekoizle euren produktuak eskaintzen hasi dira zuzeneko salmentan Facebook bidez. Laborantza Ganbarak gogor kritkatu du herrietako merkatuak ixteko erabakia: “Neurri sanitarioak errespetatuz geroz, ez baita birusaren hedatzeko arrisku gehiago merkatuan supermerkatuan baino”.

Elkartearen ustez, merkatuek, ekoizle saltegiek, hurbileko dendek eta kontsumitzaile taldeek banaketa bideak dibertsifikatzen dituzte eta supermerkatuetako “jendetza” txikitzen dute: “Zirkuito desberdin horiek biziki baikorrak dira gaurko egoera sanitarioaren parean”. Ekoizle eta bezeroentzako neurri zehatzak hartuz, beraz, merkatuak atxikitzea eskatzen dute eta hala jakinarazi diete auzapezei baita ere,.