47 urte beteko ditu zine jaialdiak, eta urriaren 16tik 21era, solasaldi eta tailerren bidez euskal zinemagintzaren alor ugari landuko dituzte. “Beti berria den zinema” lelopean, aurtengo jaialdiak zine berria eta istorio berriak kontatu nahi dituzten gazteei keinu bat egin nahi dio. Itziar Ituño ere omenduko dute euskarazko ikus-entzunezkoei egin dion ekarpenagatik.
Euskara hutsez egiten den zinema jaialdirik zaharrena da Lekeitiokoa. Euskaraz egindako zinearentzako topagunea eta euskal ikus entzunezkoen erreferentziazko plaza bilakatu da 1978tik. Aurtengo edizioak belaunaldi berrien begiradetara hurbildu nahi du ordea.
Hori horrela, jaialdian arlo pedagogikoa landuko duten hainbat ekimen bultzatuko dira. “Harrobia” izeneko egitasmoa sortu dute gazteenak euskarazko zinemara hurbiltzeko helburuarekin. Bertan ikus-entzunezkoen esparruan sormena sustatuko duten hainbat ekintza egingo dituzte ikasleekin. “Klixka” esperimentazio espazioa eta sorkuntza tailerrak antolatuko dira, horren adibide.
Jaialdiaren erdigunean ordea Sail Ofizialeko Lehiaketa izango da. 20 film labur izango dira Urrezko Antzarra lortzeko lehian. Antolatzaileek adierazi dutenaren arabera, horien artean “lan ausartak eta berritzaileak” aurkituko dira. Filmek hurrengo sariak jaso ahalko dituzte: Film onenaren saria, zuzendaritza onenaren saria, gidoi onenaren saria, Benito Ansola saria eta EITB Ikusleen saria. Film, zuzendari eta gidoi onenaren irabazleak, Ainara Elgoibar zinegileak, Martxelo Rubio aktoreak eta Nerea Ibarzabal bertsolariak osatutako epaimahiak aukeratuko ditu. EITB Ikuslearen saria publikoak erabakiko du botoen bidez eta Benito Ansola saria 2000. urtetik aurrera jaiotako egileek emango dute.
Urriaren 19an Sail Ofizialeko Lehiaketarekin batera, Euskal Zinema Begiradaren Sari Banaketa ere egingo da Ikusgarri zine aretoan. Aurtego edizioan Itziar Ituño sarituko dute euskal ikus-entzunezkoen alorrean egin duen “ekarpen berezia” dela eta. “Munduari euskaraz ekin dion aktore unibertsal bati merezi duen aitortza egin nahi diogu ”, adierazi dute antolakuntzako kideek.