argia.eus
INPRIMATU
Lekeitioko Udala Mozolomendi eraikin autogestionatua oztopatzen ari dela salatu dute
  • Uztailaren 24an Lekeitioko udaltzainak Mozolomendi gune okupatu eta autogestionatura sartu eta handik hainbat lagun kanporatu zutela salatu dute agerraldi baten bitartez. Herriz herri doan udaleku ibiltariko hainbat gazte dira, udal gobernuaren agindua betez, kanporatu dituztenak.

Axier Lopez @axierL 2017ko uztailaren 26a

“Maisu-Maistren etxeak” izeneko eraikineko hainbat etxe okupatu zuten 2013an. Gaur egun, guztira, bost etxebizitza daude okupatuta. “Espekulazio eta merkatuaren gainetik, bizitzeko aterpe bat” sortzeari ekin zion Lekeitiko Mozolomendi kolektiboak eta horretako Maisu-Maistren etxeetako batzuk okupatu eta han bizitzeko moduan atontzen ari dira. Hiru gune ari dira prestatzen, beste bat erabilera anitzeko areto bilakatu dute eta bosgarrenari biltegi, tailer eta bilera leku izaera eman diote. Modu honetan, bizitzeko eremu izateaz gain, beren asmoa esparru hau herrira zabaltzea da, batez ere herri mugimendutik herriari zein mugimenduari egindako ekarpen modura.

Ekimeneko kideek argitu dutenez, pasa den astekoa ez da proiektuaren aurka jarritako lehen oztopoa. Astelehenean egindako agerraldian adierazi zutenez, 2016ko udan ertzainak sartu ziren eraikinera, geroago udaltzainak gazte bat identifikatzen saiatu ziren, aurrerago alkate-ordea eraikineko etxe bat irekitzen harrapatu zuten eta azken aldian udaltzainak eraikinean bueltaka aritu dira beren jarduerak kontrolatzeko.

"EAJren esku dagoen udal gobernuaren aurkakotasunaren gainetik", proiektua aurrera eramaten jarraituko dutela adierazi dute: “Ahaztu, ahaztu behingoz espazio hori udalarena dela, zuona. Espazio hori herriak berreskuratu du, besteak beste, etxebizitzaren problematikari dagokionez, zuok sortzen duzuen miseriari aurre egiteko. Mozolomendi herriarena da!”.

Lekeitioko eta Euskal Herriko herritar eta herri mugimenduei espazio hau erabiltzeko gonbidapena luzatu diete “konspiratzen eta amesten” jarraitzeko.

Agerraldian irakurritako testua osorik: