2013ko otsaila. Etxe kaleratzeak gurera ere heldu dira. Ordurako badugu Herri Asanblada, 2012ko iraileko greba orokorraren berotan jaiotako tresna. Baita hainbat etxe huts identifikatuak: udalarena den eraikin batean daude batzuk. Eztabaida: udal gobernuan EH Bildu egonda, zer egin: baimena eskatu ala okupatu?
Erabakia: okupatu. Arrazoia: ez gara egongo tempus eta legedi administratiboaren zain, guztia atzeratuko baitu, eta agian oztopatu.
Eraikina: Frankoren garaietako ohiko etxe bat, adreiluzkoa. Bere garaian eskoletako irakasleek erabilia. Aspalditik hutsik. Salbu: 1. solairua (AEKren euskaltegia) eta 2. solairua (EPA eta Ardora elkartea). Beste 2 solairu (4 etxebizitza) hutsik. Jabetza udalarena.
Martxoa: lehenengo laguna sartzen da bizitzera. Lehen urratsa emanda bigarrena ere bai: eraikin bereko beste etxe bat berreskuratzen dugu. Maiatzak 1: familia bat sartzen da bizitzera. Bigarren urratsaren atzetik hirugarrena: eraikin bereko beste etxe bat eskuratua. Handik gutxira beste bi lagun sartzen dira bizitzera.
Tartean: etxebizitza bezala erabilgarri ez dagoen 4. etxe bat eskuratua, asanblada eta herri mugimenduko beste kolektiboentzat irekita, bilera eta abarretarako. Tartean ere: auzolan deialdiak, etxe atzeko ortua martxan jartzea, asanbladak, beste kolektibo batzuk hasten dira espazioa erabiltzen, etxe erabiltzaile berriak sartzen, ateratzen...
Eta eztabaidak: nola kudeatu etxebizitzak? Asanbladaren ustez izaera rotatiboa: egoera “larrian” (etxetik kaleratuak) dauden pertsonentzat arnas-gune, egoera hobetu ahala hurrengoentzat lekua egiten joanez. Erabaki zuzena ala okerra, baina edozein kasutan, gu bezalako kolektibo batentzat kudeatzeko erabat zaila. Ez dugu kudeatzeko gaitasunik. Kaleko lana ere mantendu behar dugu: etxebizitza eskubidearen aldeko dinamikak, maiatzaren 1 bateratuak...
Ezintasuna kontuan, erabaki berria: asanbladaren babesarekin, baina etxe erabiltzaile bakoitza egiten da etxebizitza bakoitzaren erantzule, nahi adina denbora, okupa gisara.
Hiru urte pasatu dira. Hor diraugu. Herri asanblada desagertu zen, baina Duindduz eratu genuen: kapitalismoaren aurka eta eraldaketa sozialerako tresna gisa. 10 pertsonatik gorak aurkitu dute Maisu-Maistren etxean aterpea. Badakigu: ez dugu iraultzarik egin. Baina: iraultza egiteko baldintzak sortzen gabiltzala uste dugu. Momentuz 3 etxe bizitzeko erabilgarri eta mugimenduko kolektiboentzat espazio bat. Aukerak zabal zabalik!
Ogi gogorra da etxebizitzaren arazoa. Ez du aterabide errazik. Okupazioa da bideetako bat. Bestelakoak ere begiratzen gabiltza, esaterako: Lekitton etxebizitzen %40a hutsik dago. Nola lortu dezakegu alokairura ateratzea, urte osorako eta prezio “duin” batean? Horretan ere bagabiltza. Antolakuntza. Kale lana. Sormena. Borroka.
Ez gara bakarrak. Euskal Herriko hainbat txokotan daude halako esperientziak. Geurea argitaratu nahi izan dugu. Besteek ezagutu gaitzaten. Sarea osatu dezagun. Herri boterea behetik eta ezkerretik eraiki behar dela uste dugu, nahiz eta proiektuak txikiak izan. Orain badakizue non gauden! Beso zabalik hartuko zaituztegu.
Lekeitioko Duindduz herri eragilea (duindduz@gmail.com)