argia.eus
INPRIMATU
Okiturri
Lekaleak, olioa, oilaskoak eta irina eraldatzeko gunea Arabako Lautadan
  • Bizi-bizi dago Arabako Lautada. Ekoizle txikiek haien produktuak eraldatzeko hainbat egitasmo jarri dituzte martxan; azkena, Okiturri izenekoa. Lekaleak garbitzeko gunea, oilasko hiltegi txikia, koltza eta ekilore olioa eraldatzeko gunea eta irina egiteko errota txiki bat dituzte eraldaketa gune kolektiboan. Donemiliagako Udalaren pabilioian elkartu dira hainbat jardueratako ekoizleak, eta laguntzaile eta bidelagun fin izan dute Lautadako Landa Garapen Elkartea. Arantza Arrien Goitiandia teknikariak azpimarratu duenez, ekoizleak dira beti proiektuaren bultzatzaileak: “Guk lagundu egiten ditugu”.

Garazi Zabaleta 2024ko otsailaren 12a

“Bost urterako plangintza egiten du Landa Garapenerako Elkarteak, eta bere garaian inkesta egin genuen eskualdeko ekoizleen beharrak identifikatzeko”, azaldu du Arrienek. Lanketa horretan, ekoizleek haien produktuak eraldatzeko guneen beharra adierazi zuten, eta azpiegitura horiek martxan jarri ahal izateko haien inplikazioa zein zen argitu. “Udalei ere pasatu genien galdetegia: eraldaketa proiektuak martxan jartzeko lokalik eta kudeaketan inplikatzeko prestutasunik ba ote zuten galdetu genien”. Jasotako erantzunen artean, eraldaketa gunea jartzeko toki egokiena Donemiliagako udalaren pabilioia iruditu zitzaien, eta hitzarmen bidez gunearen lagapena lortu eta gero, martxan jarri ziren.

2019ko urtarrilean abiatu zuten guneko lehen proiektua, lekaleena. “Bost lekale ekoizle elkartu ziren eta garbitzeko makina erosi zuten, Aldundiko laguntzari esker. Makina hori ez da beste munduko ezer, baina garestia da ekoizle bakar batek erosteko”, dio teknikariak. Lekale ekoizleek Lautadako Lekaleak izeneko elkartea sortu zuten gunea martxan jartzeko, eta kudeaketa ere ekoizleen eta udalaren esku dago egun.

Bakarrik ezin, elkarlanean bai

Ekiolio proiektuko kideak batu ziren iaz gunera. Koltza eta ekilorea zukutzeko makina eskuratu zuten olioa ekoizteko, eta gainera, prozesuan sortzen diren soberakin solidoak aprobetxatzeko,  inguruko abeltzainekin tratua dute. Aldi berean, eskualdeko oilasko ekoizleak elkartu ziren hiltegi txiki baten hutsuneari erantzuteko asmoz. Laguntza bati esker eta haien poltsikotik ere zati bat jarrita, aurten jarri da martxan oilasko hiltegi txikia. “Enpresa italiar bati modulu txiki bat erosi zioten, eta Lautadan Bertan izeneko kooperatiba sortu dute kudeaketarako”.

Azkenik, irinen egitasmoa gehitu da proiektura. Garapen elkartea irinen inguruko kooperazio proiektu batean ari zen, eta errota txiki bat jarri dute gunean. Momentuz, ekoizle eta okinek irinak testatzeko erabil dezakete, proba moduan. Aurrera begira, esku-artean egitasmo kolektibo gehiago ere badituztela aurreratu du Arrienek: “Norberak bere makineria edukitzea askotan ez da bideragarria, eta errelebora begira ere, gauzak erraztu egiten dira modu honetan. Eta, gainera, diru publikoa hobeki aprobetxatuta”.