argia.eus
INPRIMATU
Habelarte
Leitzako festetako sukaldea, baserritar agroekologikoen eskutik
  • Bigarren urtez segidan hartu du Habelarte baserritarren elkarteak Leitzako festetan, Gaztetxean, afariak emateko ardura. Nafarroako Mendialdeko ekoizle agroekologikoen produktuekin osatu dute eguneroko eskaintza, eta ehunka lagun pasatu dira abuztuaren 10etik 14ra haien jantokitik. Gotzone Sestorain elkarteko kideak nabarmendu duenez, helburu bikoitza dauka Habelarteren festetako sukaldeak: elkartearen finantziazioa, batetik, eta beste elikadura eredu baten erakusleiho izatea, bestetik.

Garazi Zabaleta 2024ko irailaren 02a

Pandemia aurretik, urteak zeramatzan Bilgune Feministak festetako sukaldea antolatzen Leitzan. “Bazeuden txandetako taldeak sortuta, dinamika bat martxan, jantokiak ere bazuen arrakasta…”, dio Sestorainek. Pandemiaren ondoren, ez zegoen Gaztetxeko sukaldearen ardura hartu nahi zuen talderik, eta Habelarte sortu berria zegoela aprobetxatuta, hutsune hori betetzea erabaki zuten bertako kideek. “Aukera ederra zen gure lana, ekoizten duguna, erakusteko eta elkarteari oihartzuna emateko, eta gure filosofiarekin bat eginez eskaintza osatzeko: tokiko produktuak, modu jasangarrian eginak…”, gehitu du elkarteko kideak.

Iazko festetako eskaintzan, aurreko urteetan sukaldean izandako menuari jarraipena eman zioten Habelartekoek. “Saiatu ginen ahalik eta produktu gehien bertakoak izan zitezen, eta bertan ez geneuzkan produktuak eskuratzeko, jasangarritasun irizpideak zituzten ekoizleengana jo genuen”, dio ekoizleak. Pizzak, ogitartekoak eta hanburgesak eskaini zituzten iaz. Baina pizzak iaz emandako arazo batzuk medio, aurtengoan errazioekin ordezkatzea erabaki dute. Egun bakoitzean errazio berezi bat izan dute eskaintzan, bertako abeltzainen abereena.

Eskaintza inguruko ekoizpenera moldatu dute

“Zer dugu batez ere Mendialdean? Galdera horri erantzunez osatu dugu aurtengo eskaintza”, azaldu du Sestorainek. Eta, zer dago, bada, Mendialdean? Abeltzaintza da nagusi inguru horretan, eta horregatik erabaki zuten aurtengoan eguneko errazioak sartzea. Lehen egunean, txerri saiheskia izan zuten; bigarrenean, antxume errea; hirugarrenean, axuria; laugarrenean, txerrikumea; eta azken egunean, oilasko errea. “Haragi guztia Habelarteko ekoizleena izan da, txerrikumea izan ezik, Elizondoko abeltzain txiki bati hartu diogu hori”.

Guztira, Mendialdeko hamar bat ekoizlek hartu du parte sukaldeko egitasmoan, haien produktuak eskainiz, eta mila otordutik gora eman dituzte. Jantokian ekoizle horien guztien datuak jarri dituzte panel handi batzuetan, herritarrek ezagutu ditzaten. “Azkenean, kultura bat sortzeko asmoa du jantokiak, herritarrak tripatik konkistatzeko modu bat da hau”. Ekoizleentzat haien produktuen salmenta koxkorra da, eta bultzada ematen die. “Eta, noski, antolaketaren ardura Habelarterena da baina proiektua herritarren eta beste eragileetako jendearen laguntzarekin ateratzen da aurrera. Guztira 60 lagunetik gora aritu dira txandetan”, amaitu du Sestorainek.