Asteburuan ospatuko dute 10. urteurren festa Leitzako Atekabeltz Gaztetxean. Egun osoko egitaraua antolatu dute larunbatean, herritar nahiz kanpokoentzat hamaika ekitaldirekin.
2005eko uztailaren 20an okupatu zuten Leitzako gazteek 100 urtez Guardia Zibilaren kuartela izan zen eraikina. “Sinbolikoki indar handiko eraldaketa suposatu zuen okupazioak: 100 urte lehenago herriak auzolanean eraikitako etxea, mende batez kuartela izan ondoren, gazteok herriarentzat berreskuratu genuen”, adierazi dute zabaldutako idatzian.
“10, hameika itteko!” lemapean antolatu dute larunbateko festa. Goizean txupinazoarekin eta brindisarekin ekingo diote egunari, eta taldekako jokoak egingo dituzte jarraian. Arratsaldean, haurrentzako rokodromoa eta La Jodedera euskal-kubatar taldearen kontzertua izanen dituzte gaztetxe atarian, eta gauean berriz, Governorsen eta Bide Bakarra talde lizarratarraren emanaldiak.
“Bestelako jendarte ereduaren alde, kontsumismoari eta indibidualismoari aurre eginez, egungo sistemaren aurkako borrokak mugitu du gaztetxea”, adierazi dute. Gogorarazi dute gaztetxe izatetik haratago, urteetako lanaren ondoren Herri Gune izatea pasa direla, eragile eta talde askok parte hartzen duten gune bihurtuz, eta herriarentzat “erreferente” bilakatuz.
Herritarrei larunbateko ospakizunean parte-hartzeko deia luzatu diete, bereziki hamar urte hauetan bertan modu batera edo bestera egondako guztiei: “Zu, gaztetxeko barrako turnoak bete dituzun hori, edo zu, hitzaldi interesgarri hartara hurbildu zinena, edota auzolanetan esku bat botatzera etorri zarena, talde haren kontzertu bikain hartan lehenengo ilaran dena eman zenuena, bazkari hartan makarroi siku xamarrak kexatu gabe jan zenituen hori... Zuek, zuek guztiok, Atekabeltz Gaztetxearen historiaren parte izan zareten horiek, 10. urteurren honen parte izan zaitezten ere nahi dugu”.