argia.eus
INPRIMATU
Leitza, Arano, Areso eta Goizuetako udalek basozaintza bulegoaren itxiera salatu dute Legebiltzarrean
  • Nekazal lurraldetako zerbitzu publikoak gutxituz, Nafarroako Foru Gobernua despopulazioa eta zahartzea bizkortzen ari dela kritikatu dute. Aitzina, egoitzarik hurbilena Irurtzunen egongo da, bulego zaharretik autoz 22 minutura, eta Aranotik ordubetera.

Mikel Urabaien Otamendi @mikel_ura 2023ko urtarrilaren 27a
Leitzako basozainen bulegoa ez ixteko Leitzan egindako elkarretaratzea, azaroaren 28an. Argazkia: Leitzako Udala.

Basozainen bulegoen zentralizazioa zertarako? Antolakuntza errazteko ala murrizketen bitartez dirua aurrezteko? Lehenengo argudioa da Nafarroako Gobernuak eman duena Leitzako egoitzaren itxiera justifikatzeko; bigarren arrazoia, ordea, neurria kritikatzeko inguruko udalek Foru Legebiltzarrean salatu dutena da.

Asteazkenean, Foru Parlamentuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordean, Leitzako alkate Mikel Zabaletak bere herriko udalaren zein Arano, Areso eta Goizuetakoen iritzia azaldu zuen: "Gauza bat da basozainen lantaldeak birrantolatzea eraginkortasuna bilatzeko eta beste bat erreferentziazko bulego bat itxi eta dagokion eskualdetik kanpo uztea”.

“Horrelako neurri batek kalteak baino ez ditu eragiten”. Izan ere, Zabaletaren iritziz hurbiltasunak koordinazioa errazten zuen. "Zerbitzu publikoak landa-ingurunean mantentzearen aldeko apustua egin ezean, herrien iraupena arriskuan jarriko da", ohartarazi zuen.

Alkateak adierazi moduan, abenduaren 20ean gauzatu zen itxiera ez da harritzekoa, “gobernuak urteak daramatzalako basozainak mendi eta basoetatik aldentzen”.  Gainera, gogorarazi du “klima aldaketarekin oraindik garrantzitsuagoa izango dela basozaintza”, are gehiago iazko udan Nafarroan izan ziren inoizko suterik handienak gertatu zirela ikusita eta kontuan izanda Leitza inguruko zonaldea sute arrisku handikoa dela.

Gloria Giralda Nafarroako Gobernuko Basozaintza zerbitzuen zuzendariak erantzun zion egin berri den “barne antolakuntzaren aldaketak” ez duela “zerbitzua kaltetzen”, bulegoak ez baitira “publikoa artatzeko tokiak”, baizik eta “basozainek lan egiteko lekuak”. Beraz, “langile guztiak elkarrekin edukitzeak arratsaldeak, asteburuak eta bajak betetzea errazten du”.

Baina, Mikel Zabaletak dioenez, egoitza ixteko Giraldak emandako argudioa kontraesanean dago Leitzan lan egiten zuten basozainei gobernuak esan zienarekin. Leitzako alkatearen arabera, azken sei hilabetean bulegoan pertsona bakarra artatu zutelako itxi dute lokala, aintzat hartu gabe basozainak bulegoan deiak jaso eta herritarrak dauden tokietaraino doazela haiekin hitzorduak izateko.

Giraldak argitu du neurria ez dela murrizketa, “udalen kezka ulertzen” duela eta urtebete igaro baino lehenago antolakuntza eredu berriaren balorazio sakonagoa egingo dutela.