SOS Kurkudi plataformak jakitera eman duenez, Leioako alkateak EAEko Lurralde Antolamendurako Batzordearen txostena otsailaren 9an jaso zuen, baina ordutik informazio hori "ezkutatu dio Leioako herri osoari". Azaldu dutenez, oposizioko zinegotziei esker lortu duten txostenean, Kurkudi mendian egin gura duten 25.000 metro koadroko kirol-proiektuaren alde azaltzen da batzordea.
Leioako Udaleko oposizioko zinegotzien laguntzari esker EAEko Lurralde Antolamendurako Batzordearen ebazpena lortu SOS Kurkudik, Domingotarren komentuan egin gura duten egitasmoaren inguruko txostenagaz. Horretan, 25.000 metro koadroko kiroldegi pribatu bat egiteko eraikuntza-proiektuaren alde azaltzen da batzordea. Plataformako kideek deitoratu dutenez, "berri txarra da hirigintza jasangarri eta lurzoru naturalaren alde babesa defendatzen dugunontzat", izan ere, egitasmoa behin betiko onartzeko aukera zabalik uzten du.
Horretaz gain, adierazi dute alkateak txosten horren berri zuela otsailaren 9tik: "Alkateak informazio hori ezkutatu die Leioako herri osoari, eta ez soilik Kurkudiko lurzoru naturalaren aldeko manifestua sinatu zuten 7.000 pertsonei". Gogoratu beharra dago 2021eko uztailaren 27an plataformak prozeduraren egoerari buruzko informazioa eskatu ziola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendurako sailari, baina ordutik ez dutela inolako erantzunik jaso.
Plataformarentzako albiste txarrak izan arren, "kausa justu baten aurrean egoteko kemena eta konbentzimendua" geratzen zaizkiela adierazi dute, eta oraindik defentsan aritzeko bideak dituztela gaineratu dute, besteak beste, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko aukera eta herritarren mobilizazioetara jotzea.
Bestalde, hurrengo egunetan bildu eta erabaki bat hartuko dutela ere adierazi dute, "egoera berrian erantzun eraginkorrena zen den zehazteko". Halaber, "megagimnasio" horren ondorioak zabaltzen jarraituko dutela ere iragarri dute, "Dominicas-AtuchaSL-Metropolitan hirukoari baino ez bailioke mesede egingo".