argia.eus
INPRIMATU
Leioako Kultur Maratila, diziplina ugaritako euskal sortzaileen erakusleiho seigarren urtez
  • Eskaintza ugaria eta diziplinartekoa ekarriko du otsailaren 1etik aurrera Leioako Kultur Maratilak. Leioako Udalak eta Artedramak elkarlanean antolatutako programazioaren seigarren edizioa izango da aurtengoa.

ARGIA @argia 2017ko urtarrilaren 27a
Diziplina ugari uztartzen ditu Leioako Kultur Maratilaren aurtengo programazioak (argazkia: Hiruka).

Bi antzezlan, bi kontzertu, musika literaturarekin uztartuko duen ikuskizun bat eta dantza protagonista izango den beste bat, hara  hor otsailaren 1etik 5era bitartean Leioan izango den eskaintza.

Euskarazko sorkuntzaren eskaparatea izateko bokazioz sortutako kultur asteak bi gune nagusi izango ditu, Kultur Leioako Auditoriuma eta Erakusketa gela. Handik pasako dira Udane Juaristiren URBANue II erakusketa, Amorante musikariaren kontzertuaz lagunduta (otsailak 1, 20:00etan); Beheko Larraine taldearen Atte hil aurretik antzezlana (otsailak 2, 20:30); Ertza Dantza taldearen Hariak ikuskizuna (otsailak 3, 20:30); otsailaren 4ko eskaintza bikoitza Auditoriumean (ATX teatroaren Fakiu antzezlana, 20:30ean eta Unai Elorriaga idazleak Gibelurdinek musika taldearekin eskainiko duen Shane McGowanen gibela ikuskizuna, 22:00etan); eta, ginda modura, otsailaren 5eko Ruper Ordorikaren kontzertua (19:00).

Ziklo osoa ikusi nahi duenak 30 eurotako bonoa erosi ahal izango du Kultur Leioako txarteldegian, Maratila Kit oparia barne. Ekitaldi zehatzetara joan nahi duenak ere aukera izango du bakoitzaren sarrera erosteko.

Ostegunean aurkeztu zuten Kultur Maratila. Ander Lipus Artedramako zuzendariak seigarren edizioa dela nabarmendu zuen eta aurtengo programazioak euskarazko sorkuntzaren “lagin txiki” bat ekarriko duela Leioara.

Mari Carmen Urbieta Leioako alkateak berriz, ekitaldiak antolatzeko Udalak egin duen ekarpen ekonomikoaren berri eman zuen: 30.000 euroko aurrekontua du Kultur Maratilak eta Urbietaren esanetan horrek erakusten du Udalak aste honekin egin duen apustua, “herritarren arima elikatu beharreko zerbait ere badelako”.